Aldundiaren proposamenak aurreikusten du noranzko bakoitzeko errei bi eraikitzea eta BI-637 errepideagaz zuzeneko lotura bat egitea, zubi baten bidez. Jarduketa horrek bi kilometro eskaseko trazadurari eragingo lioke; izan ere, arduradunek argudiatu dutenez, eremu horrek trafiko handia jasaten du egunero –12.000 ibilgailu bataz beste–, eta neurririk hartu ezean, egoera okertu egingo da etorkizunean. Momentuz ez dute proiektuaren zenbatekoa zehaztu.
Errepide hori 2005ean eraberritu zuten trazadura zaharrean hainbat istripu larri izan zirelako. Hala, segurtasuna areagotzeko goranzko norabidean zeuden errail bietako bat ezabatu zuten, erdibitzailea jartzeko, baina horrek errepidearen edukiera nabarmen murriztu zuen.
Aurkako argudioak
Jauzi Ekosozialetik proiektuaren aurka agertu dira. Salatu dutenez, lanek ekosistema baliotsuak suntsituko lituzkete, besteak beste, hariztiak, sahatsak, larreak eta Aldundiak berak balio estrategikotzat jotako nekazaritzako eta abeltzaintzako lurren 36.000 metro koadro. "Horrelako azpiegiturak bateraezinak dira konpromiso klimatikoekin", gaineratu dute.
Plataforma ekologistak kritikatu duenez, garraio publikoan eta bizikletan oinarritutako mugikortasun iraunkorraren aldeko apustua egin beharrean, Aldundiak auto pribatuarekiko mendekotasuna indartzen duten obra handiak bultzatzen jarraitzen du. "Ezin dugu ahaztu garraioa dela gaur egun berotegi efektuko gasen isuri gehien eragiten dituen sektorea EAEn, eta, beraz, ezinbestekoa dela mugikortasun eredua aldatu eta autoaren erabilera murriztea, garraio publikoa eta bizikleta bultzatuz".
Halaber, Jauzi Ekosozialak eskualdeko bide-azpiegituren politika zabalago baten barruan kokatu du hedapen hori itsasadarraren azpiko tunela edo Bolueko errepideagaz batera; beraien ustez, ingurumenaren eta diru publikoaren kontura autoa erabiltzeari ematen dio lehentasuna. "Jauzi Ekosozialetik Foru Aldundiari eskatzen diogu errepide berriak egin edo daudenak handitzeari utzi, eta garraio publikoa eta bizikletaren aldeko apustua egin dezala", erantsi dute.