Leioako ume eta nerabeek udan herritik mugitu gabe ederto pasatzeko hamaika aukera izango dituzte

Erredakzioa 2025ko api. 22a, 15:36

Leioako udalekuetan izena emateko epea daborduko irekita dago eta maiatzaren 4ra arte egongo da irekita. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak udalerriko ume eta nerabeei zuzendutako jolas-, hezkuntza- eta kirol-jardueren edizio berri bat jarri du abian. Aurten ere, programa horiek ikaskuntza eta aisialdi aktiboa sustatu gura dituzte uztailean, eta, aldi berean, familia eta lana uztartzea erraztu nahi dute udan.

Uda izeneko kanpaina 2012 eta 2018 urteen artean jaiotako umeentzat izango da, eta izena emateko orduan gutxienez sei hilabetez egon beharko dira Leioan erroldatuta. Programa, euskaraz edo gaztelaniaz izango da, bi txandatan antolatuta: lehenengo hamabostaldia ekainaren 30etik uztailaren 14ra, eta bigarrena uztailaren 15etik 30era. Jarduerak Sakonetako kirol-instalazioetan eta Leioako zein inguruko udalerrietako guneetan egingo dituzte, astelehenetik barikura, 10:00etatik 14:00etara. Hala ere, familia-kontziliazioa errazteko, 09:00etan aldez aurretik sartzeko aukera egongo da.

Hamabostaldi bakoitzean 400 plaza eskainiko dituzte, eta zozketa bidez esleituko dira horiek. Leioa Kirolak-en abonatutako pertsonek 44 euro ordaindu beharko dituzte hamabostaldi bakoitzeko; abonatuak ez direnak, berriz, 71 euro. Apirilaren 22an irekiko dute izen-ematea, maiatzaren 4ra arte. Sakoneta Kiroldegian egin ahal izango da 09:00etatik 21:00etara, Torresolon 12:00etatik 21:30era eta baita Udalaren webgunearen bidez ere. Plazen zozketa maiatzaren 13an egingo dute, 09:30ean.

Udaltxiki

2019tik 2022ra bitartean jaiotako eta Leioan erroldatutako edo ikastetxe publikoetako batean eskolatutako txikienek Udaltxiki programaz gozatzeko aukera izango dute, uztailaren 1etik 30era. Hau ere txanda bitan banatuko da: lehenengo hamabostaldia, 1etik 14ra, eta bigarrena, 15etik 30era. Jarduerak Txomin Aresti, Artatza, Altzaga eta San Bartolomen egingo dituzte 09:00etatik 14:00etara. Haurtzaindegiko doako zerbitzua ere egongo da 08:00etatik; irteera 13:45an izango da, Uda programan haurrak dituzten familientzat (ohartarazi beharko dute); eta eguerdiko zerbitzua (bazkaria, etxeko termoagaz eta siestagaz) 14:00etatik 16:00etara —kostu gehigarria du—.

Prezioa aldatu egingo da epearen arabera —hamabostaldia edo hilabete osoa— eta matrikulatutako anai-arreben kopuruaren arabera, DBEren edo BGDSren laguntzaren bat jasotzen duten edo eguerdiko zerbitzua gehitu nahi zaien arabera. Matrikulazioa maiatzaren 19tik 30era egongo da zabalik, biak barne, Udalaren webgunearen edo Herritarrentzako Arretarako Zerbitzuaren bidez. Beharrezkoa izanez gero, zozketa publikoa ekainaren 10ean egingo da, 13:00etan, Kultur Leioan.

Gazteentzako jarduerak

2008 eta 2011 urteen artean jaio eta udalerrian erroldatutako nerabeek ere aisialdi-programa bat izango dute euskaraz eta gaztelaniaz. Leioako Udaleko Kultura eta Gazteria Sailak Gazte Uda antolatuko du ekainaren 30etik uztailaren 11ra, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara, astero txangoa barne.

Plazak 80 izango dira eta izena emateko epea apirilaren 22an irekiko da, maiatzaren 4ra arte, bide telematikoz, Udalaren webgunearen. Tarifa 40 eurokoa izango da Kultur Leioako Laguna Txartela dutenentzat, eta 65 eurokoa txartela ez dutenentzat. Zozketa publikoa Aterpe Leioa Gaztegunean egingo da, maiatzaren 13an, 12:00etan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun