Azaldu dutenez, Gobernu-taldeak Gizarte Kohesiorako Batzordean aurkeztutako datuen arabera, aterpetxea neguko 127 egun posibleetatik 40 baino ez zen ireki, eta horrek agerian uzten du egungo sistemaren eraginkortasunik eza, unean uneko irizpide meteorologikoetan oinarrituta.
"Esan digute, batez ere, euri-egunetan irekitzen dutela; hala ere, datuak egiaztatuz gero, egun batzuetan, alertarik aktibatzen ez bada ere, euria egiten duela eta aterpetxea itxita egon dela ikusi dugu", adierazi du Xabier de Benito Elkarrekin Podemos Getxoko bozeramaileak, eta neguan aterpetxea egunero irekitzeko eskatu du. Gainera, adierazi duenez, dispositiboak huts egin zuen egun euritsuetan, hala nola otsailaren 12an edo martxoaren 24an, prezipitazio handiak izan arren zerbitzua aktibatu ez zenean.
Alderdiko bozeramaileek zehaztu dutenez, aterpetxea itxita egon zen abenduaren 16an, 27an eta 28an; urtarrilaren 6an eta 7an; otsailaren 23an eta 28an; martxoaren 2an, 6an, 17an, 30ean eta 31n, hori irekitzeko baldintzak betetzen ziren arren. Horrez gain, otsailaren 12an, esaterako, metro koadroko 20 litroko prezipitazioak pilatu ziren, eta martxoaren 24an, metro koadroko 36 litro, baina ostatuak ateak itxita izan zituen.
Gaur egun, gauez 5 graduko tenperatura edo txikiagoa izatea aurreikusten bada bakarrik irekitzen da aterpetxea, edo euriagatik alerta laranja edo gorria aktibatzen bada, 21:00etatik 22:00etara eta plaza mugatuakaz. Bertan, ohea, dutxa eta edari beroa eskaintzen dituzte, baina Elkarrekin Podemosek ereduaren berrikuspen integrala eskatu du, hilabete hotzenetan estaldura duinagoa eta jarraituagoa bermatzeko.