Leioako Kontserbatorioa zine-plato bihurtu da Alauda Ruiz de Azuaren film berriagaz

Ander Zarraga 2025ko mai. 6a, 15:05

Iban Rodriguez Leioako alkatea "Los Domingos" filmaren platoa bisitatu zuen Udalaren babesa aitortzeko. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udal Kontserbatorioko Auditorioan izan da Los Domingos Alauda Ruiz de Azua zuzendari barakaldarraren film luze berriaren filmazioaren zati bat. Movistar Plus+en jatorrizko ekoizpenak Leioako auditorioan amaitu du filmaketa, protagonistaren bidaia emozionalerako eremu sinboliko bihurtuz.

Filmak Ainararen istorioa kontatzen du, unibertsitatean sartzear dagoen gazte distiratsu bat, bere etorkizuna eta beste batzuek berarentzat marraztu dituzten bideak birplanteatzen hasten dena. Bilaketa pertsonaleko prozesu horretan, kontserbatorioko auditorioa sinbolismoz betetako ingurune bihurtzen da, bere beldur, zalantza eta aurkikuntzen isla. Bere arkitektura eta akustika bereziek istorioaren funtsezko eszenei indar emozionala ematen diete.

Patricia López Arnaiz protagonistak, Miguel Garces, Juan Minujin, Mabel Rivera, Nagore Aramburu eta Blanca Soroa gaztea, kontserbatorioko ikasleak dira. Ekoizpenaren arduradunek azaldu dutenez, Leioa lokalizazio gisa aukeratzea ez da kasualitatea izan,  zuzendariak bere jaioterriagaz eta, Ainara bezala, munduan bere lekua bilatzen duen gazteriagaz duen lotura intimoa irudikatzen duelako.

Iban Rodriguez Leioako alkateak Alauda Ruiz de Azua filmaren zuzendaria eta talde tekniko eta artistikoa agurtzeko bisitatu zuen filmaketa. Bere bisitan, Udalaren babesa erakutsi gura izan zion ikus-entzunezkoen sektoreari, eta kontserbatorioa bezalako gune publikoak proiekzio handiko kultur proiektuen agertoki bihurtzearen garrantzia azpimarratu zuen. "Harro egoteko modukoa da Leioa istorio honen parte izatea, eta, gainera, gazte eta tokiko talentuari ikusgarritasuna ematea", adierazi zuen.

Los Domingos lanagaz, Alauda Ruiz de Azuak bere zigilu pertsonala sendotzen jarraitzen du: emozioei, identitateari eta bizi-trantsizioei buruzko begirada sentibera eta zintzoa, bere opera priman harrera kritiko handiagaz aztertu zituenak. Filmak euskal ikus-entzunezkoen industriarekiko konpromisoa ere indartzen du, lurraldeko benetako lokalizazioen eta inguruko talentu berrien aldeko apustua egiten baitu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun