Leioak mugikortasun iraunkorreko plana abiatu du, hiri osasungarriagoa, seguruagoa eta irisgarriagoa diseinatzeko egitasmoa

Ander Zarraga 2025ko mai. 7a, 13:12

Plan berri honek pertsonengan eta garraiobide jasangarrietan pentsatutako egitasmoak izango ditu ardatz.

Leioako Udalak Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana (PMUS) prestatzeari ekin dio. Tresna estrategiko horregaz ingurumena gehiago errespetatuko duen, oinezkoentzat eta txirrindularientzat seguruagoa izango den eta herritar guztientzat eskuragarriagoa izango den hiri baten oinarriak ezarri gura dituzte. Prozesu parte-hartzaile baten bitartez, udalerrian zehar mugitzeko modua birdefinitu gura dute, garraiobide iraunkorren eta pertsonentzat pentsatutako hiri-ingurunearen alde eginez.

Oraindik diagnostiko-fasean dagoen planak azterketa teknikoak eta herritarren parte-hartzearen fase bizia uztartuko dituela iragarri dute Udaleko arduradunek. Maiatzaren 19ra arte, herritarrek galdetegi bat bete ahal izango dute paperean edo online lotura honen bidez. Gainera, aurrez aurreko hiru saio ireki ere antolatuko dituzte: maiatzaren 21ean, Kultur Leioan; 22an, San Bartolomen; eta 23an, Lamiakoko adinekoen etxean. Saio guztiak 18:00etan izango dira, eta haurtzaindegi-zerbitzua doan izango duta, aldez aurretik eskatuta.

PMUSak oinezko eta bizikletazko ibilbideak sustatu gura dituela azaldu dute arduradunek, garraio publikoa eta horren irisgarritasun unibertsala hobetu, auto pribatuarekiko mendekotasuna murriztu, aparkalekua optimizatu eta hiriko zarata zein kutsadura atmosferikoa minimizatu. Bide-segurtasun handiagoa lortzeko eta auzoak hobeto lotzeko ere lan egingo dutela iragarri dute.

Iban Rodriguez Etxebarria alkateak azpimarratu duenez, "ez da dokumentu tekniko hutsa, gure espazio urbanoarekin eta elkarrekin harremanetan jartzeko modua eraldatzeko proposamen kolektiboa baizik-Mugikortasun Jasangarriko Plan berriaren garapenarekin, osasuna, ongizatea eta elkarbizitza lehenetsiko dituen hiri-eredua eraikitzen jarraitu behar dugu".

Azken dokumentua datozen hilabeteetan balioztatuko dute, kontraste publiko eta onarpen teknikoko prozesu baten ondoren, eta hurrengo urteetan udalerriaren mugikortasuna gidatuko duen ibilbide-orri bihurtuko da hori.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun