Gorrotoaren diskurtsoak geldiarazteko eta aniztasuna defendatzeko kanpaina abiatu dute Leioan

Ander Zarraga 2025ko mai. 14a, 13:34

Maiatzean eta ekainean, berdintasunaren aldeko eta eskubideen atzerakadaren inguruan ohartarazi gura duen erakusketa ibiltaria egongo da Leioako kaleetan. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpaina bat jarri du martxan maiatzaren 17an, LGTBIQ+-fobiaren aurkako Nazioarteko Egunean, eta ekainaren 28an, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, kolektiboaren eskubideak ikusarazteko eta aniztasuna eta bizikidetza mehatxatzen duten diskurtsoak baztertzeko. "Ez dago atzerapausorako lekurik!" lelopean, Udalak ekainaren 30era arte jarduerak egingo ditu gizarte inklusiboa eta errespetuzkoa sustatzeko.

Ekimen nabarmenen artean, udalerriko hainbat auzo zeharkatuko dituen erakusketa ibiltari bat egongo da. Eskubideen atzerakadaz ohartarazi gura duen erakusketa daborduko hasi da, Lamiakoko metro geltokiko plazan, eta maiatzaren 23ra arte egongo da bertan. Ondoren, Sabino Arana kalean (ekainaren 6ra arte), Pinuetan (Langileria 202, ekainaren 18ra arte) eta San Bartolomen (baselizaren ondoan, ekainaren 30era arte) egongo da.

Beste proposamen kultural garrantzitsu bat Javier Liñeraren Barro Rojo antzezlana izango da, ekainaren 5ean, 19:00etan, Kultur Leioan. Benetako gertakarietan oinarritutako antzezlanak gizon batek bere orientazio sexualaren ondorioz jasandako errepresioa kontatzen du. Sarrera doakoa izango da, gonbidapenak jaso ondoren.

Gainera, ekainaren 19an, 18:30ean, Osoko Bilkuren Aretoan Iñigo Lamarca ararteko ohi eta Euskadiko LGTBIQ+ aktibismoaren erreferenteagaz hitzaldi-elkarrizketa bat egingo dute. Pilar Kaltzada komunikatzaileak gidatuta, saioak Lamarcak Gehituren sortzaile eta Gay nauzu eta La suerte de Regi bezalako lanen egile gisa izandako ibilbidea aztertuko du.

Kanpaina LGTBIQ+ banderakaz indartuko dute udal-eraikinetan, kartelakaz, banner digitalakaz udal-webgunean eta sare sozialetako edukiakaz, erakundeek berdintasunarekiko duten konpromisoa berretsiz, 2023-2027 Agintaldi Planaren esparruan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun