Tonucciren bisita Eusko Jaurlaritzaren HaurEKin sareak antolatutako Umeen hiria Nazioarteko Topaketaren barruan kokatzen da. Foro honek pedagogiako adituak, erakundeak eta administrazio publikoetako ordezkariak biltzen ditu haurtzaroaz eta hirien eraldaketaz umeen ikuspegitik eztabaidatzeko.
Hala, Leioako gaztetxoen partaidetza-organoa inspiratzen duen filosofiaren bultzatzailea ezagutzeko aukera izan dute umeek. Horregaz batera, Tonuccik bertatik bertara egiaztatu ahal izan du nola aplikatzen diren Leioan bere proposamenak udal-kudeaketan umeen autonomia, eskubide eta protagonismoaren arloan; izan ere, Leioa izan zen Tonucciren pentsamenduaren gakoak bere egitura instituzionalean sartu zituen lehen euskal udalerrietako bat, eta Umeen Kontseilua, 2008an sortua, erreferente bihurtu zen haurren parte-hartzearen esparruan.
Umeakaz izandako topaketaz gain, Ondiz dorrean bertan lan-saio bat egin da Euskal Herriko hainbat unibertsitatetako ordezkariakaz. Bertan, Tonuccik defendatzen duen haurtzaroa ardatz duen hiri-ereduaren inplikazio hezitzaile, sozial eta politikoetan sakondu dute.
Umeen gaitasunen ikerlaria
Francesco Tonucci Italiako Ikerketa Kontseilu Nazionaleko Zientzia eta Teknologia Kognitiboen Institutuko ikertzaile elkartua da. Bere ibilbidean zehar, umeen garapena, pentsamendua, gaitasunak eta beharrak aztertzen eta gizartean duten zeregin aktiboa defendatzen jardun du. Europako eta Latinoamerikako hirietan presente dagoen Umeen Hiria nazioarteko proiektuaren sortzailea eta Nazio Batuen Haurren Eskubideen Konbentzioaren defendatzaile sutsua ere bada.
Bere lanak ospe handia jaso du Espainiako eta Iberoamerikako unibertsitateek emandako nazioarteko sariakaz eta honoris causa doktoreakaz, baita Espainiako Batzordearen 2019ko UNICEF Sariagaz ere.
Leioako Umeen Kontseilua, bestalde, sortu zenetik hezkuntzaren, politikaren eta gizartearen arloko esperientzia gisa finkatu zen, eta haurrek udalerriaren erabakietan benetan parte hartzea sustatzen du. Adingabeei ahotsa emateaz gain, belaunaldien arteko etengabeko elkarrizketa sortzea eta haurren eskubideei buruzko hausnarketa kolektiboa sustatzea du helburu, herritartasun bidezkoago eta inklusiboago baten oinarri gisa.