Zea Mays, Belako, NAXKER, Bizardunak, Txerri Ugerrak eta Efecto Pasillo, aurtengo Leioako San Juan jaietako soinu-banda

Ander Zarraga 2025ko mai. 27a, 14:23

Zea Mays taldeak eskainiko du aurtengo jaietako lehen kontzertu handia. © ZEA MAYS

Ekainaren 20tik 24ra, Leioak musika programazio indartsuagaz ospatuko dituzte San Juan jaiak. Guztira dozena bat kontzertu baino gehiago izango dira, Agirre Lehendakariaren plazan, txosna-gunean eta udalerriko beste gune batzuetan.

Aurten ere, Leioako San Juan jaietako protagonista nagusietako bat musika izango da, doako eta publiko guztientzako kontzertuz betetako agendagaz. Udalak aurreratu duen egitarauko plater nagusien artean, Agirre Lehendakariaren Plazako kontzertuak egongo dira. Hala, Zea Mays eta Janus Lester arituko dira, ekainaren 20an; Efecto Pasillo eta Sol Lagarto zapatuan, hilaren 21ean, eta Vulkano Show Orkestra domekan, hilaren ekainak 22an. Emanaldiak 22:30ean edo 23:00etan hasiko dira, egunaren arabera.

Era berean, Elexaldeko txosna-gunean musikak zeresan handia izango du herriko taldeen emanaldiakaz. Hasteko, barikuan, Naxker eta Fito & Fitipaldis eta Estoparen omenezko banden txanda izango da; zapatuan, Bizardunak, Txerri Ugerrak eta Berba Labanakaz taldeen txanda izango da, eta, amaitzeko, domekan Belako eta 3 Killer Zombies ariko dira. Astelehenean, hilak 23, Bidean erromeria saio bi eskainiko ditu San Juan sua baino lehen bata, 22:30ean, eta ostean bestea, 01:00etan.

Gainera, Leioako beste hainbat txokotan, hala nola Udondoko Boulevarden, Jose Ramon Aketxe plazan edo Euskal Etxeen Plazan, RebelDes del Swing, Mugarri, Rico & Roll Italianissimo eta Leioako Musika Bandaren emanaldiak ere izango dira. Familientzat, Agirre Lehendakariaren plazan Jazz for Children ikuskizuna ere egongo da, astelehenean, hilak 23, 20:00etan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun