Leioak aire zabaleko kirolaren aldeko apustua egingo du doako hainbat tailerregaz

Ander Zarraga 2025ko mai. 29a, 12:51

Ekainaren 22an Txumaa txirrindularitza lasterketa egingo dute eskualdeko hainbat udalerri zeharkatuko dituena. © LEIOAKO UDLA

Leioako Udalak ekainerako kirol-programazio oso bat prestatu du, herritarren artean jarduera fisikoa eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko. Ekimenak hainbat diziplinatako doako tailer izango ditu, hala nola, skateboard, yoga, zumba edo kalistenia, adin guztietako pertsonei zuzenduta, aste-akabuko eta San Juan jaietan jarduerak eginez.

Ekainaren 1ean hasiko da programazioa, Sabino Arana kalean egingo duten ate irekien jardunaldiagaz. Bertan, hainbat kirol taldek euren jarduerak aurkeztuko dituzte 11:00etatik 13:30era. Ekainaren 7an, Skateparken bost urtetik gorakoentzako skateboardaren hastapen tailerra izango da, eta arratsaldean "Gazteak Kirolean" jarduera egingo dute Gaztegune Aterpen. Hilaren 8an Nordic Walking tailerra egingo da 11:30ean Sakoneta kiroldegitik abiatuta.

Ekainaren 14 eta 15eko aste-akabuan, Sakonetak ziklo indoor saio bi eta zumba masterclass bat hartuko ditu, eta domekan, aire zabaleko yogaren txanda izango da Pinosolon. Eskola hori ekainaren 28an errepikatuko dute, egun horretan kalistenia masterclass bat ere emango baitute Sarrienako parkean.

Egitarauari amaiera emateko, ekainaren 29an, Txuma txirrindularitza probaren 22. laserketa egingo dute, udaletxetik 11:00etan irten eta 12:30ean amaituko den kirol hitzordu finkatua. Jarduera guztietan aldez aurretik izena eman behar da Leioa Kirolaken webgunearen bidez. Eskaintza honegaz, Udalak kirolaren aldeko apustua indartu gura duela azpimarratu du, ongizate eta kohesio sozialerako tresna bezala.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun