Aniztasunaren 2. Asteko programazioa gaur hasiko da 18:00etan, Kultur Leioako osoko bilkuren aretoan, Loturak proiektuaren bideoen proiekzioagaz. Emakume migratuen testigantza pertsonalak biltzen dituen pieza horrek, Leioako harrera-prozesuei eta aniztasunaren aberastasunari buruzko hausnarketa bultzatu gura du.
Eguaztenean, hilaren 4an, txikienak izango dira protagonistak, Zurrumurruen aurkako ipuin kontalariagaz, 17:30ean, Kultur Leioako Anbiguuan. Bost urtetik gorako umeei zuzenduta Agharasek animatutako kontakizun honek desberdintasunarekiko errespetua sustatzea eta estereotipoak txiki-txikitatik desegitea izango du helburu. Bertaratzeko aldez aurretik izena ematea nahitaezkoa izango da, amekadi@gmail.com helbidera idatziz edo 606 050 662 telefono-zenbakira deituz.
Barikuan, hilaren 6an, Gazteguneak 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako ihes gela hartuko du 17:00etan. Dinamika hori egunkari baten erredakzioan dago girotuta, eta desinformazioa, aurreiritziak eta gorroto-diskurtsoak bezalako gaiak jorratuko ditu, 30 lagunentzako gaitasun mugatuagaz. Izena gaztegunedigitala.blogspot.com webgunean eman beharko da.
Amaiera ekainaren 8an izango da, domekan, Aniztasunaren Azokagaz, 11:00etatik 14:30era, Jose Ramon Aketxe plazan. Hirugarren sektoreko 17 erakunde elkartuko dira ekitaldi horretan, eta beren lanari buruzko informazioa eskainiko dute, baita tailerrak, jarduera parte-hartzaileak, musika eta gastronomia ere. "Desioen zuhaitza" bezalako sormen-guneak ere prestatuko dituzte, non gazteek beren proposamenak partekatu ahal izango dituzten beren ingurunean bizikidetza hobetzeko.