Avanzadako tunelek 60 kilometro orduko abiadura muga izango dute

Ander Zarraga 2025ko eka. 4a, 09:27

Avanzadako tuneleko lanak udan amaituko dituztela aurreikusi du Aldundiak.

Leioako tarteko BI-637 errepideko tunelen estaltze- eta eraberritze-lanak azken txanpan sartu dira, eta Aldundiak baieztatu duenez, uda honetan amaitzea aurreikusten dute, aurreikusitakoa baino urtebete lehenago.

Berrikuntza nagusietako bat gehienezko abiadura orduko 60 kilometrora mugatzea izango da, egungo 80 kilometroen aldean, BI-637 errepideko tunelen barruko segurtasuna hobetzeko helburuagaz. Gainera, Avanzadak azken belaunaldiko suteen aurkako babes-sistema bat izango duela ere azaldu dute arduradunek.

Sistema berri horrek ura jaurtitzen du partikulak hautsi gabe, eta horrek ikuspen hobea bermatzen du larrialdi batean, erreskate-zerbitzuen esku-hartzea erraztuz. Suediako, Frantziako edo Japoniako tuneletan ere ezarritako irtenbide modernoa da, eta hobekuntza nabarmena dakar ohiko ur lainotuaren sistemen aldean.

Obrek 65,2 milioi euroko hasierako inbertsioa izan dute, eta inguru horretako fisionomia erabat aldatuko dute; izan ere, lehen, egunero milaka ibilgailu zeharkatzen zituen lubakia estali dute. Horri esker, Leioako erdigunean 4.500 metro karratuko azalera duen ingurunea berritu ahal izan dute, oinezkoentzako eta berdeguneentzako eremu berriakaz.

Aldundiko arduradunek azaldu dutenez, tunelaren barruko lanak ia amaituta daude, segurtasun-, zaintza- eta aireztapen-sistemak dagoeneko instalatu dituzte, eta panel fonoxurgatzaileak ia prest daude. Ekainean zehar, zoruaren luzapena osatzea aurreikusten dute, eta kanpoaldean, lorezaintza-lanak, hiri-altzariak, pantaila akustikoak eta plaka fotovoltaikoak jartzen ari dira.

Udan bukatuko dituzte lanak

Olatz Atxa Interbiakeko zuzendariak baieztatu du obrak aurreikusitakoaren arabera egiten ari direla aurrera, eta, lanak 2026ko abuzturako amaitzea aurreikusita bazegoen ere, uda honetan bertan azpiegitura entregatzeko ahalegina egingo dutela azpimarratu du, urtebete lehenago.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun