Leioako tokiko piperra aldarrikatzeko Gastro+KOMek proposamena aurkeztu dute

Ander Zarraga 2025ko eka. 3a, 15:05

Proiektuak EHUko Ostalaritza eta Komunikazioko ikasleak elkartzen ditu, tokiko piperra berreskuratzeko proposamen berritzaile baten bidez: nortasun propioa duten marmelada sortzaileak. © LEIOAKO UDALA

Leioa Gastro+KOM proiektuaren bigarren edizioa aurkeztu dute Mendibile Jauregian, gastronomia, komunikazioa eta tokiko ondarea uztartzen dituen esperientzia berritzailea. Ekimenaren helburua honako hau izango da: Leioako piperrari balioa ematea, unibertsitatea, tradizioa eta berrikuntza lotzen dituen diziplinarteko proposamen baten bidez.

Proiektua Leioako Udala, Ostalaritza Eskola eta edizio honetan EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen arteko lankidetzaren emaitza da, Leioako piperra berreskuratu eta zaporea, tradizioa eta berrikuntza uztartzen dituen kontakizuna bihurtzeko helburuagaz.

Mendibile Jauregian egin zuten aurkezpen-ekitaldian Iban Rodriguez Leioako alkateak proiektuaren balioa azpimarratu zuen: "Leioak Unibertsitate Hiri gisa eta diziplinen arteko lankidetzarako gune gisa duen ahalmenaren erakusgarri". Edizio honetan, Leioako Ostalaritza Eskolak eta EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak elkarregaz lan egin dute produktu gastronomiko identitario bat garatzeko: gosariaz harago harritzeko diseinatutako piperra-marmeladak.

Hala, Sukaldaritza eta Gastronomia zikloko lehen mailako ikasleek, Marga Garciak eta Manex Arrietak koordinatuta, hiru piper marmelada barietate sortu dituzte, okela, gazta edo postreak laguntzeko pentsatuak. Sukaldaritza ikuspegi horrek zapore tradizionalak eta teknika garaikideak uztartzen ditu, eta bertako piper gorriaren berezitasunari balioa ematen dio.

Aldi berean, Publizitate eta Harreman Publikoetako hainbat ikasgaitako ikasleek proiektuaren komunikazio-estrategia garatu dute: esloganak eta sustapen-materialak sortzetik, paketatzea diseinatzeraino eta web orri interaktibo bat garatzeraino. Narratiba Multimedia eta Transmedia, Sormena I, Idazketa Publizitarioa eta Diseinu Grafikoa irakasgaietako ikasleek proiektu-esperientzia erreala bizi izan dute, entregagaiakaz, aurkezpen publikoagaz eta erakundeagaz harremanetan jarrita.

"Lankidetza-lan horrek, produktu gastronomiko bat ez ezik, komunikazio-proposamen integral bat ere ahalbidetu du, Leioa udalerri berritzaile gisa eta bere unibertsitate-inguruneagaz konektatuta dagoela indartzen duena", adierazi du Pedro Arceredillo Leioako Turismo zinegotziak.

Baratzetik aho-sabaira eta unibertsitatera.

Proiektua 2021eko Turismoko Plan Estrategikotik sortu zen, eta Leioa Gurea 2023-2027 Agintaldiko Planean sartu zuten, Leioa turismo gastronomikoan eta ezagutza partekatuan erreferente izateko asmoagaz. Hala, Neikerregaz lankidetzan, Leioako piper autoktonoa berreskuratzen ari dira, kolore gorri bizikoa, luzanga eta zapore berezikoa.

Jardunaldiari amaiera emateko, Ostalaritza Eskolako ikasleek marmeladakaz egindako pintxoak dastatu dituzte, bertako txakolinagaz batera. Opari gisa, bertaratutakoek marmelada pack bat eta proiektuaren azalpen liburuxka bat jaso dituzte.

Bigarren edizio honegaz, Leioa Gastro+KOM ekimen aitzindari gisa sendotu gura dute, eta diziplina arteko lankidetza berri bakoitzagaz hazten da. Lehenengo edizioak artea izan zuen ardatz; honetan, komunikazioa, eta helburua etorkizuneko edizioetan unibertsitate-ezagutzaren arlo berriak batzen jarraitzea da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun