Leioak bere lehen Jolas Azoka ospatuko du hurrengo eguaztenean

Ander Zarraga 2025ko eka. 5a, 13:54

Azoka Arrienako parkean egingo dute, 17:30etatik 21:00etara. © LEIOAKO UDALA

Ekainaren 11n, Jolasaren Nazioarteko Egunean, Leioako Udalak lehen Jolas Azoka antolatuko du Arriena parkean. Umeen Kontseiluko neska-mutilek diseinatutako jarduerez osatutako egitaraua izango da, jolasa eta haurren parte-hartzea erdigunean jarriko dituena.

Datorren eguaztenean, ekainaren 11n, Jolasaren Nazioarteko Egunean, Leioako lehen Jolas Azoka ospatuko dute. Arrienako parkera hurbiltzen direnek, 17:30etatik 21:00etara, jolas kooperatiboak, ur-globoen gerra, eskulanen tailerrak eta haurrentzako diskoteka izango dituzte eskura.

Ekimen berezi hau Leioako Umeen Kontseiluak diseinatu du, ikasturtean zehar jolasa landu baitute euren egunerokoaren funtsezko atal gisa. Azokaren bidez, Udalak jolasaren garrantzia aldarrikatu nahi du, haurrek ondo pasatzeko, sozializatzeko eta ikasteko aukera paregabea baita.

Leioako Umeen Kontseilua 2008an sortu zuten, Udalak parte hartzeko eta kudeatzeko gune gisa, eta erabateko presentzia eta eskubidea ematen die haurrei. Hasieran proiektu aitzindaria izan zen, eta urteetan zehar eredu bihurtu da beste udalerri batzuentzat. Horren helburu nagusia umeen parte-hartzea modu erreal eta eraginkorrean sustatzea da, Leioako erabakietan eta hobekuntzan parte hartuz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun