Amaitu dituzte Kandelazubietako kiroldegia berritzeko lanak, orain irisgarriagoa eta moldakorragoa izango da

Ander Zarraga 2025ko eka. 6a, 09:29

Lanei esker, Udalak 1.500 metro koadro estali baino gehiago dituen instalazioak jarri dituzte erabilgarri. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak Kandelazubietako kiroldegia hobetzeko eta handitzeko lanak amaitu dituela iragarri du, 1,8 milioi euroko inbertsioa egin ondoren. Guneak kirol-jarduerak eta ekitaldi publikoak hartu ahal izango ditu, gehienez 1.000 pertsonarentzako edukieragaz.

Daborduko bukatu dituzten eraberritze-lanen ondoren, Kandelazubietako Kiroldegiak irudi berria estreinatu du, instalazio zabalago, modernoagi eta irisgarriago batzuekaz. Leioako Udalak 1,8 milioi euroko inbertsioa egin du horretarako eta 10 hilabeteko iraupena izan dute lanek; horiei esker, kirol-instalazioa berritzeaz gain, egokitu egin dituzte kultura-ekitaldiak, herri-bazkariak eta beste jarduera publiko batzuk hartzeko, 1.000 lagunentzako edukieragaz.

Egindako jarduketen artean, hauek nabarmentzen dira: kantxako parkearen ordezkapena, akustika hobetzeko panel fonoxurgatzaileak jartzea, megafonia- eta klimatizazio-sistema berri bat, aldagelak berritzea eta handitzea, komun irisgarriak eta tokiko kirol-klubentzako bulego berriak.

"Orain, azpiegitura segurua, irisgarria eta balioaniztuna dugu, erabilerak biderkatzen dituena eta espazio publikoaren aprobetxamendua hobetzen duena", nabarmendu du Iban Rodriguez Leioako alkateak instalazio berrituetara egindako bisitan. Hala, kiroldegia, kirol- eta eskola-jardueren ohiko egoitza izateaz gain, prest dago herritarrentzako gizarte eta kultur topagune berri gisa.

Legera egokitua

Egindako lanei esker, Kandelazubietako kiroldegia Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legera egokitu dute, bai eta segurtasunaren eta irisgarritasunaren arloko araudira ere. Horrez gain, pistan bertan, komunen gunea egokitu dute jendearentzat: lau komun dira; emakumeentzako bi eta gizonentzako bi. Horietako bi, sexu bakoitzeko bat, mugikortasun urriko pertsonentzat ere egokitu dituzte.

Era berean, obrek bulego-gune berri bat gaitzea ahalbidetu dute, solairuartean kokatua eta instalazioak erabiltzen dituzten udalerriko kirol-klubek erabili ahal izango dutena. Aldagelen eremua 50 metro koadro handitzea ere ahalbidetu dute, kanpoko ataripea itxita. Zabaltze horrek orain hartzen duen eremua berrantolatzea eta hobetzea ekarri duela azpimarratu Udal-iturriek: arbitraje-zerbitzurako aldagela bi, lau aldagela kolektibo, gizonentzat bi eta emakumeentzat bi, baita komun bi ere, bat sexu bakoitzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun