Leioako Udalak jolasaren garrantzia aldarrikatu zuen atzo arratsaldean Arrienako parkean antolatu zuten lehen Jolas Azokaren bidez. Jolasaren Nazioarteko Eguna baliatuz, Umeen Kontseiluak diseinatutako jarduera-programa zabal batez gozatu ahal izango zuten familiek 17:30etik 21:00etara bitartean. Egun osoan zehar, ur-jolas kooperatiboak, ur-globo gerrak, eskulan tailerrak eta diskoteka bat izan zituzten.
Goizean, Iban Rodriguez Etxebarria alkatea eta Julen Capetillo Gobernantzako eta Partaidetzako zinegotzia Umeen Kontseiluko kideakaz bildu ziren Arrienako parkean, ikasturte amaierako saioan. Bertan, umeek Jokoaren Dekalogoa aurkeztu zuten, eta berau jasotzen duen plaka bat inauguratu zuten parkean. Dekalogoa umeen ikuspegitik jolasa nola bizi eta ulertzen duten azaltzen duen adierazpen sinbolikoa dela zehaztu du Leioako Udalak, eta daborduko udalerriko zortzi jolas-gunetan dago ikusgai.
Dekalogo horrek hamar printzipio ditu jolasa eskubide gisa aldarrikatzen dutenak, eta helduek umeak berdintasunetik tratatu behar dituztela azpimarratzen duena, eremu publikoak jolaserako ere izan behar direla gogoratuz. “Ez nazazu zigortu jolastu gabe”, “Ez ahaztu jolastea dibertigarria dela” edo “Jolasten naizenean ikasten dut” bezalako mezuak dira Leioako umeek beren ahots propioz helarazi dituztenak.
Ekintza hau Leioako Udalaren hezkuntza, aisialdi eta parte-hartze estrategia zabalago baten baitan kokatzen dela azpimarratu du Udalak, eta horren adibide argia da 2008tik aktibo dagoen Umeen Kontseilua. Proiektu horren bidez, haurtzaroari udal-esparruan protagonismoa eta erabakitzeko eskubidea eman gura izan zaio, herritartasun aktiboa adin goiztiarretatik sustatzeko.