Apatx Kulturfestibala aurkeztu dute Leioan: artea, mitologia eta natura uztartuko dituen proposamen berria

Ander Zarraga 2025ko eka. 19a, 20:54

Leioako Udalak Apatx Kulturfestibala izeneko kultur proposamen berria aurkeztu du, ekainaren 27tik 29ra Pinosoloko parkean egingo dena. Jaialdi honek 23 ikuskizun eta 100 saio baino gehiago eskainiko ditu euskal mitologia ardatz izango duten lau gunetan.

Zirkua, antzerkia, zuzeneko musika, plastika tailerrak, instalazio artistikoak, jolasguneak eta ipuin kontakizunak izango dira egun horietan ume, gazte eta helduek aire librean gozatzeko aukera izango duten jardueretako batzuk.

Leioako alkateak, Iban Rodriguezek, jaialdiaren aurkezpenean nabarmendu duenez, "Apatx Kulturfestibala aukera paregabea da Leioatik irten gabe kultura, artea eta natura elkartzen dituen esperientziaz gozatzeko".

Euskal mitologia

Kulturfestibalak euskal mitologiako pertsonaien izenak izango dituzten lau gune izango ditu. Batetik, Tatrtalo, zirkua eta antzerkia protagonista izango dituena, besteak beste, Zirkozaurre konpainiaren Kobr3, Trakamatraka-ren musika ikuskizuna eta Little Harlemen swing dantza saioak. Bestetik, Lamien hondartza: Atseden gunea eta Maite Guevararen clown ikuskizun barregarria izango dituena. Galtzagorri izango da hirugarrena: sormenaren eta jolasaren txokoa. Artelanak egiteko tailerrak, Mama Crea eta Nano Laranjaren dinamizazioak eta Jokairen jolas parte-hartzaileak nabarmentzen dira. Eta, azkenik, Basajaun: Ipuin kontalariak eta txotxongilo antzerkia izango dira nagusi, hala nola Maleta Ipuinak eta Pikuentoak konpainiaren emanaldiak.

Horiez gain, Gauargi pasealekua izeneko arte-instalazio batek publikoari zentzumen-esperientzia parte-hartzaile eta lasaigarria eskainiko dio, ingurune naturala eta artistikoa lotuz.

Kultura herritar guztientzat

Udalak nabarmendu duenez, proposamen guztiek izaera irekia eta eskuragarria izango dute, adin guztietako publikoentzat egokituta. Aire zabaleko jarduerak izanik, ekimenak udako aisialdiaz gozatzeko modu osasungarri eta sortzailea eskainiko du, kultura, sormena eta elkarbizitza uztartuz. Apatx Kulturfestibalaren informazio osoa udalaren komunikazio kanalen bidez zabalduko da datozen egunetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun