Leioako 24. Mundialitoa abiatuko dute zapatuan Sarrienako futbol-zelaian

Ander Zarraga 2025ko eka. 26a, 10:15

Leioako 24. Mundialitoan izango diren talde batzuetako ordezkariak eta udal-ordezkariak izan ziren atzo egin zuten aurkezpenean. © LEIOAKO UDALA

Kolonbia, Errumania, Senegal, Maroko edo Euskadiko selekzioak arituko dira beste askoren artean aurten Leioan; izan ere, herriko udako kirol-hitzordu sozialenetako bat abiatuko dute zapatuan, Sarrienako udal-zelaian, 17:00etan egingo den inaugurazio-ekitaldiagaz. Jarraian, lehen norgehiagokak jokatuko dituzte, eta txapelketa bost aste-akabutan zehar egingo da, final handiak abuztuaren 2an jokatu arte.

Leioako kirol eta gizarte ekitaldi esanguratsuenetako bat abiatuko dute zapatuan: Leioako Mundialitoa. 24 edizio hauetan, kirola funtsezko tresna izan da pertsona migratzaileen integrazioa sustatzeko eta bizikidetza, aniztasuna eta elkarrekiko errespetua oinarri dituen elkargune bat eraikitzeko. Uda honetan jokatuko duten edizioan, gizonezkoen eta emakumezkoen taldeen artean, 18 selekziok hartuko dute parte.

Hala, ekainaren 28an, zapatuan, 17:00etan hasiko da inaugurazio-ekitaldia, eta, ostean, lehen partidak jokatuko dituzte. Txapelketa bost aste-akabutan jokatuko dute jarraian, gizonezkoen zein emakumezkoen kategorietan. Finalak abuztuaren 2an, zapatuan, jokatuko dituzte Sarrienako zelaian.

Leioako alkate Iban Rodriguez Etxebarriak azpimarratu duenez, "bakoitzaren atzean istorio pertsonalak, kolektiboak, elkarteak eta auzokideak daude, hemen egoteko ahalegina egiten dutenak. Horregatik, Udalak formatu horren aldeko apustua egiten jarraitzen du. Funtzionatzen duela badakigulako eta horrelako espazioak non lehiatzen den, bai, baina batez ere elkarrekin bizitzen gero eta beharrezkoagoak direla uste dugulako. kirola, zalantzarik gabe, kohesio sozialerako tresna bihurtu da, eta hori erabili eta aprobetxatu behar dugu".

Horrenbestez, uztail osoan zehar, parte hartuko duten kultura eta jatorri askotakoak taldeek norgehiagokak jokatuko dituzte udal-instalazioetan horretarako prestatu diren hiru zelaietan. 

Aste-akabuko egitaraua

Ekainaren 28a, zapatua

  • 17:00etan – Inaugurazio ofiziala
  • 17:45etan – Paraguay - Erein (1. zelaia – maskulinoa)
  • 19:00etan – Paraguay - Euskadi (1. zelaia – maskulinoa)

Ekainaren 29a, domeka

10:00etatik 14:30era – Partidak hiru zelaietan eta kategoriatan:

  • Zelaia – maskulinoa
    • Kolonbia - Errumania
    • Peru - Ekuatore Ginea
    • Senegal - Kamerun
    • Atlantic - Maroko
  • 2. zelaia – femeninoa
    • Santa Cruz - Honduras
    • Kolonbia - Peru
    • Euskadi - Bolivia
  • 3. zelaia – maskulinoa
    • Egba Crea - Honduras
    • Ekuador - Ginea Bissau
    • Ijito Herria - Bolivia
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun