Udaren bukaeran amaituko dituzte Avanzadako bulebar berriko lanak Leioan

Ander Zarraga 2025ko uzt. 14a, 14:10

Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusia, Iban Rodriguez Leioako alkatea eta Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatua Leioan izan dira Avanzada estaltzeko lanen jarraipena bertatik bertara egiteko.

Gaur egindako bisitan, adierazi dutenez, Leioako tartean BI-637 errepidearen 900 metroko lubakiaren estaldurari esker 12.000 metro koadro gehitu dizkiote Leioako Boulevardari, azalera hori hirigunean txertatuz. Eremu berri horrek aisialdirako eta oinezkoentzako eremuak izango dituela aurreratu dute.

Neurri horien bitartez, adierazi dutenez, egunero ia 100.000 ibilgailu igarotzen diren gune horretan, lehenengo neurketen arabera 26 dezibeleko zarata-murrizketa lortu dute, oraindino pantaila fonoxurgatzaile guztiak jarri gabe egon arren. 

Horregaz batera, oinezkoentzako eremu berriak 620 metroko luzera eta 18.000 metro koadroko azalera izango du, eta bertan bankuak, iturriak, farolak eta paperontziak jarri dituzte, baita 19.000 metro karratuko berdeguneak ere. Eremu horretan 20.000 landare ale baino gehiago jartzea daukate aurreikusita, espezieen egokitzapena kontuan hartuta.

Gainera, bidegorri berriak bizikleta-sareagaz konektatuta daude, eta ibilgailuentzat biribilgune berri bi ere egin dituzte. Iparragirre kaleko espaloia ere zabaldu dute, irisgarritasuna bermatzeko.

Epea aurreratuta

Tunelaren barruari dagokionez, teknologia aurreratuena instalatzen ari direla adierazi dute: seinaleztapen, aireztapen, argiztapen eta kontrol-sistemak, baita gorabeherak automatikoki antzemateko kamera termikoak eta suteen aurkako ihinztagailuak ere. Guztia 130 kilometroko kableatu-sare zabal bategaz kudeatuko dutela ere azaldu dute.

Lanek 65,2 milioi euroko aurrekontua izan dute, eta 41 hilabeteko epea aurreikusi bazen ere, aurten uda amaierarako amaitzea espero da, aurreikusitakoa baino urtebete lehenago. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun