Leioako Udaltzaingoak, Ertzaintzagaz elkarlanean, prebentziozko dispositibo berezia aktibatu du uda honetan, udalerriko segurtasuna bermatzeko asmoz. Neurriak, batez ere, etxe hutsen zaintzan eta jende pilaketetan lapurreten aurkako kontrolak indartzean oinarrituko dira.
Udalak jakinarazi duenez, udako oporrak direla eta, etxebizitza asko hutsik geratzen dira, eta egoera hori baliatu gura izaten dute lapurrek. Horren aurrean, hainbat gomendio eman dituzte: sare sozialetan oporren berri ez ematea, ateak eta leihoak beti giltzaz itxita uztea eta etxebizitza hutsi dagoela adierazi dezaketen pistarik ez ematea, hala nola posta jasotzea, pertsianak mugiaraztea... Gainera, gomendagarria da konfiantzazko pertsona bat izatea etxearen egoera gainbegiratzeko.
Besalde, eremu publikoetan, poltsiko-lapurretak saihesteko, Udalak ohartarazi du gauzak beti kontrolpean edukitzea, poltsak eta motxilak ondo lotzea gorputzera, balio handiko objektuak bistatik kentzea eta kontu handiz jardutea pilaketetan edo kutxazainetan. Halaber, gomendatu dute bakarka argirik gabeko lekuetara ez urruntzea eta beti ingurukoakaz harremanetan egotea.
Azkenik, Leioako Udalak herritarren laguntza eskatu du: edozein mugimendu susmagarri edo ezohiko egoera ikusiz gero, berehala deitzea 112ra, Ertzaintzara edo Udaltzaingora. "Prebentzioa eta elkarlan komunitarioa dira udan segurtasun handiagoaz gozatzeko giltzak", azpimarratu dute.