Urte amaieran abiatuko dituzte San Bartolome auzoko frontoia eraikitzeko lanak Leioan

Ander Zarraga 2025ko abu. 5a, 14:25

San Bartolome auzoko frontoi berria baselizaren eta kulturgunearen ondoan kokatuko da. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak martxan jarri du San Bartolome auzoko pilotaleku berriaren lizitazio-prozesua. 3,6 milioi eurotik gorako inbertsioa izango du proiektuak eta 2025eko azken hiruhilekoan hasiko dira lanak, 9 hilabeteko epean amaitzeko helburuagaz. Azpiegitura berri hau kirolerako, kultura-jardueretarako eta erabilera anitzeko gunea izango da, auzoaren dinamizazioa eta gizarte-kohesioa sustatzeko helburuagaz.

Estalitako frontoia izango da, eta erabilera anitzeko gune bezala ere funtzionatuko du: pilota-jokoak ez ezik, kultura, hezkuntza- eta jolas-jarduerak ere hartuko ditu, auzotarren parte-hartze aktiboa sustatzeko eremu izateko helburua ere baitu.

Proiektuaren baitan, frontoiaren inguruko kanpo-zelaia ere urbanizatuko dute; gainera, aire zabaleko jarduerak egiteko, eta zuhaiztia zabaltzeko lanak ere egingo dituzte, San Bartolomeko ingurunea harmonizatuz: ermita, ikastetxea, haurren jolasgunea eta kulturgunea elkartuko dituen gune integratua izango da, hain zuzen ere. Pilotalekurako sarbidea umeen jolasgunetik egingo da, bide berri baten eta bizikleta zein oinezkoentzako pasabidearen bidez.

Frontoi berri honek 582 metro koadro hartuko ditu, 1.375 metro koadroko lursail batean. Eusko Pilota Federazioaren irizpideak betetzen dituen azpiegitura izango da: 30 metroko luzera, 14 metroko zabalera eta 12 metroko altuera izango ditu, eta 220 ikusleentzako harmaila, mugikortasun urriko pertsonentzako eremu egokituagaz.

Obrak 2025eko azken hiruhilekoan hastea aurreikusi du Udalak da eta 9 hilabeteko iraupena izango du. Guztira, 3,6 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo da. Proiektua Leioako Udalaren "Leioa Gurea" 2023-2027 Agintaldi Planaren baitan kokatzen da, udalerriko auzoen lurralde-oreka, berroneratzea eta hiri-garapena sustatzeko estrategiaren barruan, hain zuzen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun