Langileria kalea berrurbanizatzeko proiektua lizitaziora atera du Udalak

Ander Zarraga 2025ko abu. 12a, 12:35

Leioako Langileria kalea urbanizatzeko proiektuaren irudikapena. © LEIOAKO UDALA

Lanak 2025eko azken hiruhilekoan hastea eta 10 hilabete irautea aurreikusi dute, eta horien aurrekontua 2,1 milioi eurotik gorakoa izango da. Leioako udaleko iturriek azpimarratu dutenez, esku-hartze honek gizarte-kohesio, ongizate eta bizi-kalitate handiagoa ekarriko die inguru horretako bizilagunei, eta eremu seguruagoak izango dituzte oinezkoentzat, iraunkorragoak, hobeto aprobetxatuak eta atseginagoak. 

Leioako Udalak lizitaziora atera du Langileria kaleko urbanizazio-proiektua, Lamiako auzoan, 178 A eta 200 zenbakien arteko tartean. Esku-hartzea 14C, EARLE eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren Aldaketan jasotakoari jarraituz egingo da, Itsas Laguntzailea (LAN) eta Aleaciones Especiales, S.A. (ALESA) fabriken orubeetan.

Proiektuak udalerrian eta bereziki Lamiakon mugarri urbanistiko bat ezartzeko asmoagaz iragarri dute, eta helburu nagusiak oinezkoen segurtasuna eta ingurumenaren kalitatea hobetzea direla gaineratu dute, baita kutsadura akustikoa murriztea eta jasangarritasunari laguntzea ere.

Aurrekontuaren barruan, Langileria kaleko tartea espaloi zabalagoakaz, ibilbide irisgarriakaz, zuhaitzakaz eta argiteria berriagaz egokituko dute, baita erreferentziazko hiri-berdegune bat sortu ere. Gainera, Amaia kaleko bidegorriagaz lotuko den 250 metroko zati berri bat ere eraikiko dute, eta 98 eta 178A zenbakien artean trafikoa trenbidearen mugarantz desbideratuko dute. Proiektuak udal-ekipamenduetarako partzela berri bat eta elkarte- eta merkataritza-sarea bultzatzeko gune bat ere aurreikusten duela adierazi dute.

Halaber, Metroaren 1. linearen inpaktu akustiko eta bisuala arintzeko, hegazkin-horma bat jarriko da Bilbo-Plentzia trenbidearen trazaduraren eta jarduera-eremuaren artean. Gainera, aparkaleku berriak sortuko dituzte bide publikoan eta ur-hornidura, saneamendu, argiteria eta elektrizitate sareak berrituko dituzte.

Obrak Langileria kaleko 98tik 178Ara bitartean egiten ari diren beste interbentzio batzuei gehituko zaizkie, hala nola 250 metro inguruko kale-zati bat oinezkoentzako bihurtzea galeria arkupedun bategaz tokiko merkataritzari laguntzeko, bidegorria Sabino Arana etorbidean (Iturriondoko biribilgunea) hasi eta El Soplador biribilgunera arte osatzea, eta trafikoa metroaren trazaduraren ondotik bideratzea.

Langileria kalearen berrurbanizazioa Leioa Gurea 2023-2027 Agintaldi Planean jasotako proiektu estrategikoetako bat dela azpimarratu dute udal-iturriek, lurralde-oreka, berroneratzea eta hiri-garapena sustatzeko helburua duena. Adierazi dutenez, asmoa biztanleen gizarte-kohesioa, ongizatea eta bizi-kalitatea indartzen jarraitzea da, hiri-esku-hartze integralen bidez.

Gainera, jarduera honek zuzenean laguntzen du Garapen Iraunkorreko Helburuetan (ODS) aurrera egitean, hala nola 6., 9., 11. eta 13. helburuetan, uraren kudeaketa, azpiegitura jasangarriak, hiri inklusiboak eta klima-aldaketaren aurkako neurriak barne.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun