Mastitxu Leioako Udal Euskaltegiak matrikulazio epea ireki du 2025-2026 ikasturterako

Ander Zarraga 2025ko ira. 3a, 09:51

Aurrematrikula irailaren 19ra arte egin ahal izango da, eta matrikulazioa, berriz, irailaren 22tik 24ra.

Mastitxu Udal Euskaltegia 40 urteko ibilbidea duen euskararen irakaskuntzan erreferentea da Leioan. 2025-2026 ikasturterako matrikulazio epea daborduko zabalik dago, eta aurrematrikula irailaren 19ra arte egin ahal izango da, eta matrikulazioa, berriz, irailaren 22tik 24ra.

Ikasturte berrian euskararen ikaskuntzarako aukera ugari eskainiko dituzte, ordutegi eta maiztasun desberdinakaz, baita autoikaskuntza eta tailer espezifikoak ere. Eskaintza hau bereziki aberastuko dute aurten, merkatari eta ostalaritzako profesionalentzat, gurasoentzat, bizkaiera ikasi gura duten helduentzat edo euskarara lehen aldiz hurbildu gura dutenentzat prestatutako tailerrakaz. Saio horiek urritik abendura edo urte osorako eskainiko dituzte, astean behin, arratsaldez, ikasleen beharretara egokituz. Prezioa ere oso eskuragarria izango da: 5,12 euro urrira arteko tailerretan eta 8,20 euro urte osokoetan.

Maila guztietako ikastaroak eskainiko dituzte, A1etik C2ra, eta ikasleek titulu ofizialak lortzeko aukera izango dute. Gainera, HABEren laguntza eta dirulaguntza-sistemak euskararen ikaskuntza errazten jarraituko du: ikasleek gainditutako mailen matrikulazioaren kostua berreskuratzeko aukera izango dute, C1 maila egin gura duten 16-18 urteko gazteentzako prezio bereziak egongo dira, A1 ikastaroak ia doakoak izango dira eta AISA harrera ikastaroak atzerritarrentzat doakoak izango dira.

2024-2025 ikasturtean Mastitxuk 199 ikasle izan zituen, gehienek aurrez aurreko eskolak aukeratuta (% 90), eta gogobetetze-inkestek balorazio oso positiboa islatu zuten: 5etik 4,46ko puntuazioa orokorrean, irakasleen lana bereziki goraipatua (4,54).

Informazio gehiago jaso edo matrikulazioa egiteko, interesdunek 94 464 00 02 telefonora deitu dezakete edo euskaltegi@leioa.eus helbidera idatzi.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun