Aukera profesionalak hobetzeko 15 ikastaro eta 200 plaza baino gehiago eskainiko ditu Leioako Udalak

Ander Zarraga 2025ko ira. 4a, 10:59

Leioako Udalak prestakuntza-eskaintza zabaldu du 2025-2026 ikasturterako, Behargintzaren bidez. Guztira, 200 plaza baino gehiago izango dituzten 15 ikastaro eta tailer eskainiko dituzte langabezian dauden herritarren prestaketa hobetzea eta ekintzailetza sustatzea helburu nagusi izanik. Interesa duten pertsonek irailaren 8tik aurrera eman dezakete izena Behargintza Leioako egoitzan edo www.behargintzaleioa.net webgunean.

Eskaintzak hainbat eremu hartuko ditu: merkataritza handietako biltegi eta eskorga-prestakuntza, elikagaien manipulazioa, bezeroarentzako arreta digitala edo nominak eta gizarte-aseguruak lantzeko ikastaroak. Hazilan eta Lanberri programen bidez, gainera, profil kualifikatuagoak dituzten langabeen enplegagarritasuna indartu gura dute, eta 3R programak berriz, lan-aktibazioa eta gaitasun digitalen birkualifikazioa sustatzen ditu.

Ekintzailetza ere ardatz nagusietako bat izango da: enpresa sortzeko eta kudeatzeko ikastaroak hiru txandatan eskainiko dituzte urte osoan zehar. Horrez gain, IA sortzaileari buruzko prestakuntza berritzailea, marketina eta sare sozialen inguruko ikastaroa edota orga jasotzaileen erabilerarako ziurtagiria lortzeko aukera ere izango da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun