Lamiakoko Iron River ibilbidearen balio naturala eta historikoa ezagutzera ematen duten informazio-panelak jarri dituzte

Ander Zarraga 2025ko ira. 12a, 10:39

Lamiakoko Iraon River ibilbidean jarritako paneletako bat, eremuaren ingurumen-balioa azaltzen duena. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak lau informazio-panel jarri ditu Lamiakoko itsasadarraren ertzeko Iron River ibilbidean, inguruko historia soziala eta ondarea ezagutzeko baliabide hezitzaile eta turistiko berria eskaintzeko.

Panelek lau ardatz nagusi jorratzen dituzte: industria eta lantegiek auzoaren bizitza ekonomiko eta sozialean izan zuten eragina; paduren eta ibarraren ingurumen-balioa; Gerra Zibilean Lamiakok bere aerodromoagatik izan zuen balio estrategikoa; eta futbolaren memoria, ibarretik Athleticeko futbol-zelaira egindako ibilbide historikoa gogoratuz.

Udalak adierazi du proiektu honek iragana eta oraina lotzen dituela, herritarrei eta bisitariei lurraldearen eraldaketa industrial, sozial eta naturalaren testigantza eskaintzeko. "Panel horiek iraganerako leihoak dira, gure oraina hobeto ulertzen eta gure ingurunea gehiago baloratzen laguntzen digutenak", nabarmendu dute udal-arduradunek.

Ekintza hau Leioako Udalak memoria eta tokiko ondarea berreskuratzeko bultzatutako estrategiaren parte dela ere zehaztu dute, herritarren identitatea sendotzeko eta udalerria beste modu batean ezagutzeko aukera berriak zabaltzeko helburuagaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun