Leioaren urteurrena 2026ko urriaren 31an izango da, baina daborduko hasi dituzte ospakizun-ekitaldiak. Lehen barikukoa izan zen, non 200 pertsona inguru bildu ziren, tartean, herriko kultura, gizarte, kirol eta hezkuntza arloko elkarte eta erakundeetako ordezkariak.
Ikuskizun emozional eta artistiko bat ardatz izan zuen ekitaldiak, udalerriaren historia, kondairak, musika, dantza eta antzerkia uztartu zituen, Leioako giza aniztasuna eta aberastasuna agerian jarriz. Hala, Alfonso Diez aktoreak gidatutako emanaldiak sei kontzeptu nagusi izan zituen: sustraiak, komunitatea, aniztasuna, gizarte-berrikuntza, elkartasuna eta jasangarritasuna. Horien bidez, Lamiako Maskaradaren interpretazioa, tokiko merkatarien testigantzak, migratzaileen ahotsak, Gaude elkartearen gorputzez sortutako erritmoak, Sortaraziren elkartasunaren mezua eta Castores taldearen etorkizunerako apustua uztartu zituzten.
Ekitaldia gidatu zuen Iban Rodriguez alkateak nabarmendu zuen ospakizun hau ez duela ekitaldi instituzional huts bat izan gura, baizik eta jai kolektibo eta parte-hartzailea:
"Urteurrenaren identitatea herritarren artean sortu den marka humanoa da, arima kolektibo baten isla".
Hurrengo asteetan zehar aurkeztuko duten programazioak urtebete baino gehiago iraungo duen jai handi bat izango dela aurreratu zuten, belaunaldi guztientzako topagune eta bizipen partekatua bihurtuz. Helburua argia da: leioaztar guztiek harrotasunez esatea "ni ere komunitate honen parte naiz, ni ere leioaztarra naiz".