Minbizia duten pertsonentzako ariketa fisikoaren preskripzioa optimizatzeko proiektua abiatu dute Leioako Udalak eta EHUk

Ander Zarraga 2025ko ira. 23a, 09:15

Hitzarmenari esker Leioako kirol-instalazioak eta Jarduera Fisikoko Orientazio Zerbitzua proiektuaren esku jarriko dute. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarlan-hitzarmen berritzailea sinatu dute, minbizia duten pertsonentzako ariketa fisikoaren preskripzioa optimizatzeko ikerketa-proiektua martxan jartzeko. Ekimen aitzindari honek paziente bakoitzaren osasun-egoerara eta gaitasun fisikoetara egokitutako programa seguru eta eraginkorrak diseinatzea du helburu.

Akordioa Leioako alkate Iban Rodriguez Etxebarriak eta EHUko Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreorde Estitxu Garai Artetxek sinatu dute. Proiektuaren gidaritza Ana Rodriguez-Larrad irakaslearen esku egongo da, Ageing On Ikerketa Taldearen barruan, Euskampus Fundazioak bultzatutako Onko-On Misioaren esparruan.

Ikerketak ebaluazio-sistema berritzaile bat ezarriko du, parte-hartzaileak osasun-mailaren eta egoera fisikoaren arabera sailkatzeko. Hala, hiru hilabeteko programak diseinatuko dituzte, astean saio bi izango dituztenak, eta bizimodu aktiboari eusteko gomendioakaz osatuko dituztenak. Gainera, jarduera onkologikoan diharduten profesionalentzako prestakuntza ere jasoko du ekimenak, udal-baliabideak sendotuz eta programaren jarraipena bermatuz.

Zeregin horretan Leioako Udalak bere kirol-instalazioak eta Jarduera Fisikoko Orientazio Zerbitzua (SOAF) proiektuaren eskura jarriko ditu, eta tokiko osasun-zentroakaz koordinazioa indartuko du.

"Leioa bere bizitzako etapa guztietan eta aurre egin beharreko edozein egoeratan pertsonak zainduko dituen udalerria izatea nahi dugu. Ikerketa honek prozesu onkologiko bati aurre egiten diotenen bizi-kalitatea hobetzeko bide itxaropentsua irekitzen du", adierazi du Leioako alkateak.

Bere aldetik, Estitxu Garaik lankidetzak unibertsitateren jardunean duen garrantzia azpimarratu du: “Pertsonen eta komunitatearen ongizatean eragin zuzena izango du proiektu aitzindari honek eta guztiz bat dator komunitatearen zaintzarekiko unibertsitateak duen konpromisoarekin".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun