Parte hartu gura duten guztiek gehienez hiru argazki aurkeztu ahal izango dituzte, betiere originalak, aurrez argitaratu gabeak eta beste lehiaketetan saritu gabeak. Lanak aurkezteko epea irailaren 29tik urriaren 24ra artekoa izango da.
Epaimahaiak hiru sari banatuko ditu, 375 eurokoa bakoitza, eta laugarren bat, Hamaika Begirada izenekoa, publikoaren botoen bidez erabakiko dena Kultur Leioan azaroaren 7tik 23ra egingo den erakusketan. Sari-banaketa azaroaren 21ean izango da leku berean.
Lehiaketaren oinarri guztiak lotura honen bidez kontsultatu daitezke. Ekimenak ez du helburu estetiko hutsa, herritarren parte-hartzea eta sormena piztu gura ditu, Leioaren nortasuna aberastuko duen kontakizun kolektiboa osatuz.
Iban Rodriguez Etxebarria alkateak adierazi duenez, "argazki bakoitza gure bosgarren mendeurrenaren parte izango da, Leioaren harrotasuna, aniztasuna eta etorkizun partekatua irudikatuz".