Leioako Udalak Leioa Auzoetan programa jarriko du martxan hil honetan

Ander Zarraga 2025ko urr. 10a, 09:43

Proposamenak bi bide nagusitik aurkeztu ahal izango dira: postontzi edo informazio-puntuetan utzita edo modu telematikoan, udal-webgunearen bidez.

Parte-hartzea sustatzeko eta udalerriko bizi-kalitatea hobetzeko asmoa duen ekimen honek proiektu handiak bilatzen dituen egitasmoa da. Aurrekontu Irekien programatik bereizita, herria atseginagoa, irisgarriagoa eta bizigarriagoa bihurtuko duten eguneroko hobekuntza txikiak egitean zentratu gura da, leioaztarren proposamenak zuzenean auzoetatik jasoz.

Datozen hilabeteetan, Leioa Auzoetan prozesuak udalerriko auzo guztiak zeharkatuko ditu, bertan bizi, lan edo beraien egunerokoa garatzen duten pertsonen behar zehatzak ezagutzeko. Lehen fasea urriaren 13tik azaroaren 9ra bitartean egingo dute, eta zonalde hauek hartuko ditu: Pinueta; Iturribide, San Juan, Monte Ikea eta Mendibile; Artaza, San Bartolome, Telleria, Basañese eta Peruri; eta Aldekoena, Larrakoetxea, Artatzagana, Santimami, Santsoena, Sarriena, Periodistas eta Mardoena.

Iban Rodriguez Etxebarria Leioako alkateak egitasmoaren aurkezpenean azpimarratu duenez, Leioa Auzoetan "tresna oso baliagarria da Leioa parte-hartzaile eta hurbilago bat eraikitzen jarraitzeko, non erabakiak eta hobekuntzak gure auzoetan bizi direnen eskutik sortzen diren". Alkateak gaineratu duenez, auzo bakoitza eta bizilagun bakoitza entzun nahi dituzte, haiek baitira ondoen dakitenak zer hobetu daitekeen, eta konpromisoa hartu du proposamen horiei erantzun errealak emateko.

Ekimen honetan 16 urtetik gorako edozein pertsonak parte hartu ahal izango du, baldin eta Leioan bizi, lan egiten badu edo udalerria ezagutzen badu. Proposamenak bi bide nagusitik aurkeztu ahal izango dira: postontzi edo informazio-puntuetan utzi (horretarako karpak jarriko dira hainbat auzotan, urriaren 15etik hasita), edo modu telematikoan, udal-webgunearen bidez: leioazabalik.leioa.net/leioa-auzoetan.

Behin proposamen guztiak jasota, Udalak haien bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertuko du, ahal den hobekuntza kopuru handiena gauzatzeko helburuagaz. Gainera, Leioako alkatea zuzenean arduratuko da herritarrei udal emaitzen berri emateaz, "Alkatearekin Partekatzen" programaren barruan azaroan eta abenduan udalerriko zonaldeetan egingo diren topaketetan. Topaketa horietan, besteak beste, Pinueta (abenduak 2) eta Artaza San Bartolome (abenduak 9) hartuko dira. Prozesu honen bigarren fasea 2026. urtearen amaieran egingo da.

Datak:

Azaroa

  • Azaroak 18, Elexalde, Avda. Iparraguirre, Sabino Arana, Luis Libano, Independentzia, Leioandi.
  • Azaroaren 19an Kandela Zubieta eta Iparraguirre zeharkaldia.
  • Azaroak 25: Udondo (Boulevard eta historikoa), Ondiz, Aketxe, Begoñako Ama, Txorierri.
  • Azaroaren 26an Lamiako-Txopoeta eta Ibaiondo.

Abendua

  • Abenduak 2 Pinueta.
  • Abenduaren 3an. Iturribide, San Juan, Ikea mendia, Mendibile.
  • Abenduaren 9an. Artaza San Bartolome
  • Abenduaren 10a. Aldekoena.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun