Garai hartan, Leioako populazioa hazkunde betean zegoen, Bizkaian XV. mendearen erdialdetik XVI. mendera arte gertatutako susperraldi demografikoaren baitan. Jendea mendietatik haranetara mugitu zen, lur emankorrak lantzeko eta errota berrien bidez ekonomiari bultzada emateko.
Gaur egun Leioako lurrak hartzen dituen eremuan bizi ziren orduko herritarrek eragozpen handiak zituzten, besteak beste, Erandiora joan behar zutelako mezara eta elizaren inguruan egiten ziren ospakizun eta liturgia guztietara, hala nola ezkontza, bataioak, hileta elizkizunak... Faktore horiek erabakigarriak izan ziren leioaztarrek euren eliza propioa lortzeko egin zituzten ahaleginetan.
Toponimia. Leioa izenaren jatorriaren inguruan teoria desberdinak daude. Onartuenak dio antroponimo latindar batetik datorrela: ‘Laelius’-etik, hau da, ‘villa laeliana’ edo Lalioren finkatik. Beste interpretazio batzuk ere badira, hala nola ‘leiho-ona’ (begiratoki ona) edo Truebak aipatutako ‘elexa-ona’ (eliza ona), baina ez dute oinarri dokumentalik. Julio Caro Barojak, berriz, baieztatu du ‘Lejona’ bezalako izenak pertsona-izen bati -ana atzizkia eranstean sortu zirela (Lemona, Sopelana), erromatar garaiko eta Erdi Aro hasierako ohitura toponimikoa izanik. Udalerriak ofizialki Lejona izena izan zuen 1979ra arte; ordutik, forma euskalduna, Leioa, da izen bakar eta ofiziala.
Azkenean, lehenago aipatutako datan epaileek arrazoia eman zieten leioaztarrei, eta udalerriak horrela eman zituen bere lehen urratsak.
Hala ere, Erandiok baldintzak ezarri zizkien: zenbait jai erlijiosotan, leioaztarrak meza entzutera Erandiora joan beharko ziren, baita hildakoak ere han lurperatzen jarraitu ere. Hala ere, denboragaz, menpekotasun hori lausotu egin zen, erabat desagertu arte. Ordutik aurrera, Leioak bere komunitatea antolatu zuen elizate independente gisa, eta lehen alkatea ere hautatu zuten: Diego de Aretxabaleta, Gernikako Batzar Nagusietara ordezkari gisa joan zena, lehenik 36. eserlekuan eta geroago 46.ean.
Aitzitik, independentzia horrek, ez zituen gatazkak ekidin. Hurrengo mendeetan Getxogaz eta Erandiogaz muga-auziak izan ziren behin eta berriz: getxoztarrek Artatzako hareatzak bereganatu gura zituzten, eta erandioztarrek Santimami ingurua.
Gaur-gaurkoz, 2026an 500. urteurrena ospatzeko prestatzen ari dira leioaztarrak, data hori udalerriaren sorreraren abiapuntu hartuta. Urtemugaren leloa, «500 urte, hamaika begirada» izango da, eta herriaren sustraiak, komunitatea eta aniztasuna islatuko dituen kontakizun kolektibo bat sortzeko helburua izango duela aurreratu dute.