Aurtengo Leioa Indartu Bonoa kanpainan udalerriko 65 saltokik parte hartuko dute eta urriaren 20tik azaroaren 20ra arte iraungo du. Udalak 100.000 euro bideratuko ditu ekimen horretara eta 300.000 euroko eragina izatea espero du, tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzea helburu duen egitasmo honegaz.
Hala, 30 euroko erosketengatik kontsumitzaileak 20 euro ordainduko ditu eta Udalak gainerako 10 euroak jarriko ditu. Aldiz, 15 euroko zenbatekoen kasuan, erosleak 10 euro ordainduko ditu eta Udalak 5 euro jarriko ditu. Pertsona bakoitzak 40 euro arteko deskontua jaso ahal izango du, hau da 120 eurora arteko erosketei aplikatu ahal izango zaie deskontua. Bonuak dendetan trukatuko dira zuzenean, beraz, ez dira aldez aurretik erosi behar izango, bezeroak NANa aurkeztea nahikoa izango du.
Gaur egin duten ekimenaren aurkezpenean, Iban Rodriguez Leioako alkatea, Itziar San Martin Leioako Saltoki Batuetako kidea eta Zuriñe Urrestarazu Behargintzako zuzendaria egon dira.
Alkateak tokiko establezimenduetan kontsumitzearen garrantzia azpimarratu du, horrek ekonomia zirkularra sutatzeaz gain, lotura komunitarioa ere indartzen duela. "Tokiko merkataritzak balio erantsia ematen du, beste kontsumo-eredu batzuetan nekez aurki daitekeena: hurbiltasuna, konfiantza, aholkularitza pertsonalizatua eta produktuaren eta bezeroaren ezagutza sakona", esan du Rodriguezek.
Bere aldetik, San Martinek adierazi du tokiko komertzioarentzako ekimen "oso garrantzitsua" dela, eta aurrekoetan bezala arrakastatsua izatea espero dutela. "Leioaztarrak beraientzat zerbait erostera gonbidatu gura ditugu, oso aukera ona baita kapritxo bat bereganatzeko" adierazi du.