Leioak 500. urtemugaren hasierako ospakizuna egingo du barikuan: "Iraganeko Begiradak. Atzerako Kontaketa"

Izaro Garcia 2025ko urr. 28a, 12:50

500. urteurrenaren hasierako ekitaldia © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak milurteko erdiaren urteurrenaren hasiera ospatuko du datorren barikuan, urriaren 31n. Ospakizuna Iraganeko begiradak. Atzerako kontaketa ikuskizunaren bitartez egingo da, tokiko hainbat elkarte zein artisten eskutik.

Urte historikoari hasiera emateko, Leioa kolorez, musikaz, dantzaz eta magiaz beteko da Udalak antolatutako ikuskizunari esker. Ospakizunak 45 minutuko iraupena izango du eta leioaztarrek leioaztarrentzat sortutako emanaldia izango da; izan ere, herriko elkarteak, kolektiboak, artistak eta adin guztietako bizilagunak arituko dira bertan. Besteak beste, Ana Cespedes Andrak-ekoa, Maite Iglesias Gure Ohiturak taldekidea, Pello Salaburu EHUko errektorea eta soziologoa, Adelaida Otxoa Lamiakoko irakaslea, Maite Carril Leioako Musika Kontserbatorioaren sortzaileetako bat eta Andres Bilbao, herriko ostalaria.

Horrez gainera, ikusleek Lamiako Maskarada, San Juan Bautista Abesbatza eta bertako zein beste herri batzuetako artistez gozatu ahal izango dute, hala nola Kataluniako Correfoc-ez. Urte berezi baten hasiera da; Leioako alkate Iban Rodriguez Etxebarriaren esanetan, "500 urteen historia luzea egiten da, eta Leioak harrotzeko moduko sustraiak ditu. Jatorri eta bizipenetan anitzak gara; etorkizunari ilusioz eta ausardiaz begiratzen dion komunitatea ehuntzen doan herria". Era berean, alkateak azpimarratu du emanaldi "beroa, entretenigarria eta zirraragarria" izango dela.

Ikuskizunaren amaieran, atzerako kontaketa aktibatuko da: urtemugaren data ofizialerako, 2026ko urriaren 31rako, falta den denbora erakutsiko duen eta urte osoan zehar Bulebarrean egongo den erloju baten bitartez.

Arimen Gaua: magiaz beteko da Leioa

Urtemugaren ikuskizunaren aurretik eta ostean, Arimen Gaua ospatzeko programazioaz gozatu ahal izango da ere bai:

  • 18:00-20:00 Txokolatada eta haurrentzako tailerrak, Bulebarrean.
  • 18:45-19:30 Arimen Gaua ikuskizuna, Gure Ohiturak taldearen eskutik.
  • 20:00-21:00 Iraganeko begiradak. Atzerako kontaketa.
  • 21:00-21:30 Kalejira ibiltaria, Bulebarretik Ikea Barriko plazaraino.
  • 21:30-00:00 Taberna Ibiltaria, Ikea Barri plazan.
  • 00:00etatik aurrera Matraka-Elektrotxaranga, Ikea Barri inguruan.

Tradizioa, kultura eta herritarren parte-hartzea uztartuta, gau magikoa eta ahaztezina izango da bertaratutako guztientzat.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun