Leioak hitza bete du: haurrentzako ludoteka berria ireki du Errekalde plazan

Izaro Garcia 2025eko azaroaren 7a

Iban Rodriguez eta Umeen Kontseilua ludoteka berriaren aurkezpenean © LEIOAKO UDALA

Leioak udal-ludoteka berri bat inauguratu du Errekalde plazan, 4 eta 11 urte bitarteko umeentzako aisialdi hezigarriko gune gisa. Espazio berriaren helburua jolasa, sormena eta bizikidetza sustatzea, eta, aldi berean, familiei kontziliazioan laguntzea da.

Proiektu hau Leioako Umeen Kontseiluaren eskaeratik sortu da. Haurrak izan ziren Haurren Aurrekontu Irekien bidez udalerrian ludoteka berri bat sortzea proposatu zutenak, eta orain ideia hori errealitate bihurtu da.

Ludotekak 226 metro koadro erabilgarri ditu, eta Udalak 354.000 euroko inbertsioa egin du azpiegitura berritzeko eta egokitzeko. Instalazioak hainbat gune ditu: adinaren arabera bereizitako jolasguneak, tailerrak egiteko aretoak eta bilera-gela bat, besteak beste.

Leioako alkate Iban Rodriguez Etxebarriak azpimarratu duenez, “ludoteka berri honekin beste urrats bat ematen dugu haurrekaz dugun konpromisoan: ikasteko, jolasteko eta partekatzeko espazio bat eskaintzen diegu, familiei eguneroko bizitzan laguntzen diegun bitartean”.

Ludotekak doako jarduera hezitzaileak eskainiko ditu abenduaren 1etik aurrera: jolas kooperatiboak, sormen-tailerrak, ipuin-kontalari saioak eta eskulanak, besteak beste. Ikasturtean zehar 360 haur artatuko ditu.

Ordutegia astelehenetik barikura izango da, 16:30etik 19:30era. Era berean, jarduerak bi adin-tartetan banatuko dira (4-7 urte eta 8-11 urte), bakoitzak gehienez hamar haur izanik. Gabonetan, Aste Santuan eta ekaineko azken astean, zerbitzua goizez eskainiko da (10:00etatik 13:00etara).

Lehenengo aldiko izen-ematea azaroaren 10ean hasi eta azaroaren 25ean amaituko da. Eskaerak udalaren egoitza elektronikoaren bidez egin beharko dira eta eskabide gehiegi egonez gero, zozketa publiko bat egingo da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun