Leioak zahartzeari balioa emateko plana jarri du martxan

Izaro Garcia 2025eko azaroaren 11

Leioako Lagunkoitasun planaren aurkezpena © HIRUKA

Leioako Udalak gaur goizean aurkeztu ditu "Leioa Lagunkoia" programaren barruan landutako diagnostiko zehatza eta ekintza-plana. Helburu nagusia da udalerria adin guztietako pertsonentzat, eta bereziki adinekoentzat, askoz irisgarriagoa eta gizatiarrago bihurtzea, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) "Hiri Lagunkoien" nazioarteko mugimenduarekin bat eginez.

Azken hilabeteotan, 400 herritar baino gehiagok hartu dute parte inkestetan eta topaketetan, eta haien proposamenekaz 100 ideia baino gehiago jaso dira. Prozesuan, gainera, toki-eragile eta elkarte askok lagundu dute udalerria pertsonen beharretara egokitzeko iradokizunegaz. Iban Rodriguez Etxebarria alkateak nabarmendu duenez, proiektua "herria ulertzeko eta komunitatea eraikitzeko modu bat da".

Ekarpenak oinarri hartuta, Udalak 30 ekintza lehenetsi ditu: aire zabaleko espazioak eta bide-segurtasuna hobetzea, etxebizitza-laguntzei buruzko informazioa indartzea eta belaunaldien arteko jarduerak eta boluntariotza sustatzea, besteak beste.

Prozesua Bizipoz kooperatibaren laguntzarekin egin da, eta Leioa Lagunkoia talde eragileak (Carmen Herrera, Ana Cespedes, Jesus Gamiz edo Estela Turrado, besteak beste) aurkeztu ditu emaitzak. Taldeak berebiziko garrantzia eman dio hurrengo belaunaldien presentziari, azpimarratuz beharrezkoa dela “gazteak elkarteetara erakartzeko jarduerak antolatzea eta belaunaldien arteko loturak indartzea”.

Rodriguez Etxebarriak eta Pilar Grados Gizarte Politiketako zinegotziak azpimarratu dute plan hau Euskadi Lagunkoia Sarearen baitan garatu dela, baina bere ikuspegia ez dela adinekoetara mugatzen. "Adin guztietarako diseinatutako udalerriaren aldeko urrats garrantzitsua da", adierazi dute. Udalaren helburua pertsonak erdigunean jartzen dituen hiri-eredu baterantz "aurrera" egitea da.

Era berean, alkateak argi utzi du aurkezpena "abiapuntua besterik ez dela" eta orain erronka handiena ekintza guztiak martxan jartzea dela. Gainera, Udalak herritarren beharrak eta proposamenak aldian-aldian berrikusteko konpromisoa hartu du, etengabeko hobekuntza bermatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun