Leioako Udalak tokiko enplegua sendotzeko deialdia egin du

Izaro Garcia 2025eko azaroaren 18a

Behargintza Leioa © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak tokiko enplegua sortzeko eta interes publikoko proiektuak bultzatzeko duen konpromisoa indartuko du, Lanbidek finantzatutako hautaketa-deialdi berri baten bidez. Guztira, 17 pertsona hautatuko dira bi proiektuetan sei hilabetez lan egiteko, udalerriko bizi-kalitatea hobetzea eta arlo estrategikoen garapena sendotzea helburu izanik.

Lehenengo proiektuak, "Auzoko Laguntzaileak", herritarren eta udalaren arteko komunikazioa indartu eta bizikidetza hobetu gura ditu. Bestalde, "Udalerriko ardatz estrategikoak indartzea" programak turismoa, komunikazioa, gizarte-zerbitzuak eta euskara sendotzera bideratutako jarduerak garatuko ditu.

Ekimen hau udalerriko enplegua sustatzeko estrategiaren parte da, lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonei aukera berriak eskaintzeko eta Leioaren garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko xedegaz.

Interesdunek Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egon beharko dute eta, euren datuak eguneratu gura izatekotan, Behargintza Leioan egin ahal izango dute. Deialdiak eta komunikazio guztiak Udaleko iragarki-oholean zein webgunean argitaratuko dira. Eskaintzak dagoeneko ikusgai daude Lanbideren webgunean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun