Azoka goizeko 10:00etan abiatuko da eta abere erakustaldia, tokiko produktuen erakusketa, dastatzea eta salmenta eta ehiza-hegaztien erakustaldia izango dute goizean zehar ikusgai Bulebarrean, Jose Ramon Aketxe eta Errekalde plazan. Aurten ere, bertaratzen direnek behirik politenaren lehiaketan bozkatzeko aukera izango dute eta produktu saski baten zozketan sartuko dira. Horrez gain, euskal dantzen erakustaldia egongo da Errekalde plazan 11:00etan, Gure Ohiturak eta Txikiak Txiki Dantza Taldearen eskutik.
Bizkaiko Txakolina eta Idiazabal gaztaren inguruko dastaketa egongo da Kultur Leioako erakusketa aretoan 12:00etatik aurrera. Aldi berean, Zazpi Mikologia Elkartearen eta Eusko Labelaren laguntzagaz antolatuta, sasoiko onddo eta perretxiko dastaketa izango da Jose Ramon Aketxe plazan. Leku eta ordu berean, sagardo eta talo tailerrak izango dira. Ohiturari jarraituz, 12:00etan baita herri kirolen hitzordua izango da Errekalde plazan. Leioako Txistu Doinuak eta Udondoko Txikiteroen animazio musikala egongo da.
Ordu erdi beranduago, 12:30etan bertso saioa egongo da Oihana Bartra, Irune Basagoiti eta Julio Soto bertsolarigaz. 13:00etatik aurrera Aiko taldeak kantaldi ibiltaria Estartetxe eta Ikea-Barri artean musikaz animatuko du giroa. Postuen eta partaideen girotze lehiaketaren sari banaketak eta azokako produktuen saskiaren zozketa egingo da 14:30etan.
Leioako 500. urteurrena
Egun osoan zehar, "500 truck" karabana ibiltaria herriaren urteurrenari eskainitako gunea egongo da. Hara hurbiltzen diren leioaztarrek urteurreneko bandera eskuratzeko eta datozen hiletarako jardueren egutegiari buruzko informazioa jasotzeko aukera izango dute. Topagunea Bulebarren eta Jose Ramon Aketxe plazaren artean kokatuko da.