Merkataritza Ibilbideen edizio berria martxan da Leioan

Beatriz Antona Uribe 2025eko abenduaren 10a

Leioako zapata-denda bat. © LEIOAKO UDALA

Tokiko dendak eta haien ingurune historikoa beste ikuspegi batetik ezagutzeko ekimena egingo da abenduaren 12an eta 19an 18:00etatik aurrera, Maribel Salas aktorea eta Eider Hurtado kazetariaren eskutik.

Leioako Udalak Merkataritza Ibilbideen edizio berria martxan jarri du. Ekimen honek ibilbide irekia eta parte-hartzailea proposatzen du, tokiko dendak herritarrei beste ikuspegi batetik ezagutarazteko. Aurten 21 denda parte hartuko dute ekimenean, auzoka diseinatutako ibilbidetan banatuta.

Lehenengo ibilbidea abenduaren 12an, barikua, Lamiakon hasiko da eta Erromo, Artaza eta Boulevard guneak bisitatuko ditu. Egun eta ordu berean, bigarren ibilbidea Luis Bilbao Libano eta Sabino Aranatik abiatuko da, jarduera komertzialeko eta zerbitzuko espazio tradizionala zeharkatuz.

Abenduaren 19an, barikua, Iparragirre etorbidea zeharkatzen duen ibilbidearen txanda izango da. Honetan, merkataritza jardueraz gain, Leioako ardatz nagusiaren hiri-hazkundeari helduko zaio. Azkenik, Boulevard, Sabino Arana eta Estartetxe kaleko saltokiak izango dira ibilbide honen protagonistak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun