Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Eguna ospatuko dute Leioan

Beatriz Antona Uribe 2025eko abenduaren 11

Leioako Udalak programazio berezia eskainiko du Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Eguna dela eta. Ekintzak abenduaren 11tik 21era garatuko dira aniztasuna, kulturartekotasuna eta inklusioa sustatzeko asmoz.

Abenduaren 11tik 21era Aita Mari ontziko tripulazioarekin elkarlanean antolatutako argazki erakusketa egongo da Kultur Leioan. Erakusketa honetan itsasoko operazioetan eta erreskatatutako pertsonen lekukotzetan oinarritutako ibilbide bisuala proposatzen da. Ildo honetan, abenduaren 15ean, astelehena, Aita Mari proiektuan oinarritutako hitzaldiak egingo dira, goizean ikastetxeei zuzenduta eta arrastian publiko orokorrentzat. Proiektuak garatzen duen lana lehen eskutik ezagutzeko aukera izango dute gerturatzen direnek.

Bestetik, abenduaren 12an, barikua, Kultur Leioan Miñan antzezlana egingo da. Goizeko 10:00etan Leioako ikastetxeetako ikasleen txanda izango da eta arrastian, 20:30ean, publiko orokorrarena. Antzezlan hau Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da, Artedrama konpainiak antzerkira egokitua. Sarrerak salgai daude Kultur Leioan.

Abenduaren 18an, Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Eguna, hain zuzen, Leioako Udalak Zurrumurruen Aurkako topaketa antolatu du. Kultur Leioako erakusketa aretoan askaria egingo da, herritar guztiei irekia. Topaketa honetan parte hartzeko aurrez izena eman beharko dute amekadi@gmail.com posta elektronikoaren bidez edo telefonoz, 606050662 zenbakian.

Topaketa honen ondoren, 19:00etan, Almu Lasacreren bakarrizketa egingo da Kultur Leioan. Lan honetan migratze-prosezu, identitate eta gaur egungo erronka sozialei buruzko ikuspegi kritikoa eskaintzen du Lasacrek umorearen bidez. Monologoa ikusteko doan eskuratu daitezke sarrerak Kultur Leioan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun