Leioako Udalak "500 Taupada" kanpaina solidarioa martxan jarri du

Beatriz Antona Uribe 2025eko abenduaren 12a

"500 Taupada" ekimen solidarioaren aurkezpena. © LEIOAKO UDALA

"500 Taupada" ekimenaren helburu nagusia elkartasunak komunitate gisa hazteko duen garrantzia nabarmentzea da. Kanpaina honetan bildutako diru funtsak SolidariUP proiektura bideratuko dira, kalteberatasun egoeran dauden pertsonentzat.

Leioako herritarrek "500 Taupada" kanpainan parte hartzeko aukera izango dute txartelak hainbat saltokietan eta gune desberdinetan erosiz. Saltzen diren txartel guztiak bost saskiren zozketan parte hartuko dute, tokiko saltokietan erositako produktuekin osatutakoak.

Urtarrilaren 2an, 12:00etan, saskien zozketa egingo da Kultur Leioako erakusketa aretoan. Bertan, irabazleak jakinaraziko dira eta urtarrilaren 3an, Kultur Leioako auditorioan, txekea eta saskiak bananduko dira irabazleentzat.

Iban Rodriguez alkateak azpimarratu duenez, "Leioako gauzarik baliotsuena bertako pertsonak gara, eta gure arteko eskuzabaltasuna ezinbesteko ezaugarria da gure herriarentzat. Leioaztarrok osatzen dugun sareak balio ikaragarria du".

Txartelak erosteko guneak

Abenduaren 14an, Nekazaritza eta Abeltzaintza Azokan, 500 Truck karabanan erosteko aukera izango dute herritarrek. Abenduaren 24an, Kultur Leioan egingo den Olentzerori harreran ere erosi daitezke. Gainera, Leioako Saltoki Batuen Elkartearen laguntzari esker, herriko saltokietan ere eskuragarri egongo dira txartelak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun