Auzokideei Laguntzeko Udal Sarea 65 urtetik gorako edo mendekotasun-egoeran dauden eta isolamenduan bizi diren Leioako pertsonei zuzenduta dago. Sare honen helburua ongizate emozionala hobetzea, autonomia pertsonala sustatzea eta inklusio soziala indartzea da.
Zerbitzu honen bidez, etxez etxeko laguntza erregularrak eskainiko dira, baita une puntualetarako laguntza ere, hala nola medikuarenera joateko edo eguneroko izapideak egiteko. Horrez gain, teknologia berrien erabilera errazteko jarduerak egingo dira "Ahotsak Sarean" egitasmoaren barruan. Komunitate-jarduera osagarriak ere eskainiko dira gizarte-sareak sendotzeko eta parte-hartzea bultzatzeko, hala nola, ibilaldi osasungarriak, zinema-forumak edo irakurketa taldeak.