Leioak 2.800 euro bildu ditu SolidariUP proiekturako "500 Taupada" ekimenean

Beatriz Antona Uribe 2026ko urtarrilaren 5a

Iban Rodriguez Leioako alkatea eta Paula Martinez Zabalketa Gobernuz Kanpoko Erakundeko ordezkaria txekearen entregan. © LEIOAKO UDALA

Diru-bilketa txartel solidarioak erosiz egin da, udalerrian egoera zaurgarrian dauden pertsonei laguntza eskaintzen dien proiektuaren alde. Ekimena Leioako Udalak herriaren 500. urteurrena ospatzeko antolatutako egitarauaren barruan kokatzen da.

Txekearen entrega joan den zapatuan, urtarrilaren 3an, egin zen, Leioako Udal Musika Bandak Kultur Leioako Auditoriumean eskaini zuen Gabonetako kontzertuan. Leioako alkateak, Iban Rodriguezek, txekea Leioan SolidariUP proiektua garatzen duen Zabalketa Gobernuz Kanpoko Erakundeko ordezkariari, Paula Martinezi, eman zion.

Ekimenari esker bildutako dirua egoera zaurgarrian dauden pertsonei laguntzeko bideratuko da. Gainera, parte-hartzaile guztien artean tokiko merkatarien produktuekaz osatutako bost saski zozkatu ziren, eta sariak ekitaldi berean banatu zitzaizkien irabazleei.

SolidaridUP Leioa, Zabalketa erakundearen eskutik, 2019ko abenduan sortu zen, Leioan egoera zaurgarrian dauden pertsonen inklusioa, duintasuna, ongizate integrala eta eskubideak sustatzeko helburuagaz. Martxan jarri zenetik, Leioako 41 merkataritza eta establezimenduk parte hartu dute ekimenean, produktuak, zerbitzuak edo ezagutzak partekatuz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun