500. urteurrena dela eta, hainbat jarduera antolatu ditu Leioako Udalak herritarrentzat. Datozen hiletan gastronomia, dantza, musika, historia, osasuna edota feminismoa izango dira protagonista Leioan. Sustraiak, komunitatea, aniztasuna, gizarte-berrikuntza, elkartasuna eta iraunkortasuna bezalako balioetan oinarrituta, programazioak herritar guztiak inplikatzea du helburu.
Iban Rodriguez alkateak nabarmendu duenez, elkarteen ekarpena funtsezkoa izan da urteurreneko egitaraua aurrera eramateko, eta azpimarratu du proposatutako jarduerek udalerriaren izaera islatzen dutela "herri anitza, aktiboa, konprometitua eta erabat komunitarioa”. Era berean, programazioa “500 urte ospatzea iragana gogoratzea ez ezik, komunitatea egunez egun eraikitzen jarraitzea ere badela erakusten duen programa” dela adierazi du.
Egutegiari dagokionez, urtarrilean historia eta gastronomia izango dira ardatz, "Leioako Begiradak" erakusketa ibiltariagaz eta "Leioako zaporeak" izeneko ekimen gastronomikoagaz. Otsailean euskal dantzek eta itsasadarrek hartuko dute protagonismoa. Martxoan, berriz, erakusketak, emakumeen memoriari lotutako jarduerak, hitzaldiak eta musika ekitaldiak antolatu dira, Emakumeen Nazioarteko Eguna ardatz hartuta. Apirilean, literatura lehiaketak, haurrentzako jarduerak, naturara irteerak eta erakusketen jarraipenak osatuko dute programazioa.
Leioako Udalak herritar guztiak animatu ditu 500. urteurrena ospatzeko antolatutako ekintza hauetan parte hartzera, iragana gogoratzeaz gain, komunitatea sendotzeko helburua dutela azpimarratuz.