Leioako Udalak laguntza psikologikoa eskainiko du aurten ere emakumeentzat

Beatriz Antona Uribe 2026ko urtarrilaren 9a

Leioako Udalak Emakumeak Orekan programa berriro jarriko du abian datorren astelehenean, urtarrilaren 12an. Zerbitzu hau udalerriko emakumeei zuzendutako laguntza psikologiko prebentiboa eskaintzeko programa da.

Emakumeak Orekan programa honen xede nagusia Leioako emakumeen ongizate emozionalari laguntzea da, arreta pertsonalizatua eta doakoa eskainiz. Psikologo batek kudeatzen du zerbitzua, eta banakako arreta eskaintzen die ondoeza emozionala, egoera sozial ahulak edo bizi-prozesu konplexuak bizi dituzten emakumeei.

Lehen urteko ibilbidea amaituta, programak balorazio positiboa jaso du. Orain arte, 19 eta 81 urte bitarteko 66 emakume artatu dira. Kontsulta ohikoenen artean nabarmentzen dira ondoeza emozional orokortua, zaintzaren ondoriozko gainkarga, dolu-prozesuak, familia-gatazka konplexuak eta genero-indarkeriagaz lotutako egoerak.

Programaren helburua emakume hauen beharrak identifikatzea, haien helburuak planteatzea eta horiek lortzea ahalbidetuko dien ibilbidea zehaztea da. Harrera-zerbitzua, lehen laguntza psikologikoak, euste-arreta eta krisi-arreta ere barne hartzen ditu, eta beharrezkoa denean, beste baliabide espezializatuagoekin koordinatzen da.

Aurten, arreta indibidualerako egunak astelehenak 15:30etik 19:00etara, eta barikuetan 10:30etik 14:00etara izango dira. Hitzordua eskatzeko,  944 001 917 telefonora deitu edo emakumeakorekan@leioa.eus helbide elektronikora idatzi dezakete.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun