Leioak bere memoria gastronomikoa berreskuratuko du

Beatriz Antona Uribe 2026ko urtarrilaren 13a

Leioako Udalak "Leioako Zaporeak" programa abian jarri du, herriko txokoekaz elkarlanean antolatuta, 500. urteurreneko ospakizunen esparruan. Lehenengo topaketa urtarrilaren 25ean egingo da, Pinuetako Irakatsi Jan txokoan.

Ekimen honen baitan, errezeta tradizionaletan eta tokiko produktuetan oinarritutako bazkaria egingo da. Otordua leioaztar guztientzat dago zabalik, baina aldez aurretik izena eman beharko da 500urte@leioa.eus helbidean. Izena emateko epea urtarrilaren 22an amaituko da. Bazkaldu eta gero, gastronomiari buruzko hitzaldia eta tailer gastronomiko bat egingo dira. Horrez gain, egun berean, 12:00etatik 13:30era haurrentzako talo-tailerra egingo da. Jarduera horretan parte hartzeko ere aldez aurretik eman behar da izena posta elektroniko bidez.

"Leioako Zaporeak" programak hiru helburu ditu nagusi: batetik, herriko memoria gastronomikoa berreskuratzea; bestetik, errezeta tradizionalen bidez denboran zehar bidaiatzea; azkenik, sukaldatzeko modu berriak ezagutaraztea.

Iban Rodriguez alkateak nabarmendu duenez, “maila altuko jatetxeak eta txokoak ditugu herrian, eta programa honi esker, aukera bikaina izango dugu gure sukaldaritza ohiturak eta errezetak hobeto ezagutzeko, familia eta lagunen artean, gure gastronomiaz gozatzeko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun