Inauteriak ospatuko dituzte leioaztarrek adin guztientzako ekintzagaz

Beatriz Antona Uribe 2026ko urtarrilaren 15a

Leioan Inauteriak indarrez itzuliko dira 2026an, familiei, haurrei eta helduei zuzendutako jarduerakaz. Ospakizunak otsailaren 14an, zapatuan, hasiko dira eta otsailaren 17an, martitzenean, jarraituko dute, herriko hainbat gunetan.

Zapatuan, otsailaren 14an, arrastiko 17:00etan hasiko dira Leioako Inauteriak Errekalde Plazan, haur eta gazteentzako puzgarri eta tailerrekaz. Egun horretan, 19:00etan, familientzako Dantza Saltsa animazio-ikuskizuna izango da Jose Ramon Aketxe Plazan. Ordutegi berean, Ibarretukada kalejirak Leioako kaleak zeharkatuko ditu, mozorro festa familiarrari hasiera emanez.

Gauean, helduek izango dute protagonismoa. 21:30ean, nagusientzako mozorroen jaia egingo da Ikea Barri Plazan, Eñaut-Eriak taldearen eta Aaron DJaren eskutik. Geroago, 23:00etan, Altxa Porru erromeriak hartuko du lekukoa, eta jaia goizaldeko 03:00ak arte luzatuko da.

Otsailaren 17an haurrentzako inauteriak ospatuko dira. Goizeko 11:00etan hasiko da haur parkea Txomin Arestiko karpan, eta 12:30ean Kiki Koko pailazoaren ikuskizuna egingo da. Arrastian, 17:00etan diskofesta egongo da. 18:00etan haurrentzako mozorro jaia egingo da, partaideen desfileagaz. Inauteriei amaiera emateko 19:00etan sari banaketa egingo da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun