Auzoetara zuzenean jo du Udalak, eta herritarrek ez dute aukera alferrik galdu. Kale-argiteria hobetzea, Bizkaibizi geltoki gehiago jartzea, Lejoanbusaren zerbitzua indartzea edo motorrentzako aparkalekuak sortzea izan dira gehien errepikatu diren eskaeretako batzuk. Horrez gain, kale-garbiketa gehiago, espaloiak konpontzea, asfaltatze lanak eta oinezko Udaltzaingoaren presentzia handiagoa ere nabarmendu dituzte bizilagunek.
Parte-hartze prozesua 2025eko urriaren 13tik azaroaren 9ra bitartean egin zen, hainbat auzotan jarritako karpa eta postontzien bidez. Pinuetan hasi eta Artatzaganera, Santimamira edo Sarrienara arte, auzoz auzo jaso dira iritziak. Gainera, online bidez ere egin ahal izan dira proposamenak.
Jasotako proposamenen azterketak lehentasun argiak utzi ditu agerian: argiztapena, bide-segurtasuna, garraio publikoa, garbitasuna eta zibilitatea, lorezaintza, irisgarritasuna eta bizikidetza dira gehien errepikatu diren gaiak.
Ekimenak, gainera, jarraipena izango du aurten, oraindik bisitatu gabe dauden eremuetara iristeko helburuagaz, proiektua Leioa osora zabaltzeko asmoz. Horri lotuta, Alkatearekin partekatzen ekimenaren edizio berri bat ere egin da: azaroaren 18tik abenduaren 10era, Iban Rodríguez alkateak zortzi topaketa egin zituen herritarrekaz, zuzenean kezkak eta proposamenak entzuteko.