Santa Agedaren doinuek berriro hartuko dituzte Leioako kaleak

Izaro Garcia 2026ko urtarrilaren 19a

Sari banaketa otsailaren 7an izango da, zapatuan, eguerdiko 12:00etan. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak Santa Ageda Kantuen XXXV. Lehiaketa antolatuko du datorren otsailaren 4an. Ekimenak herriko kale eta auzoak zeharkatuko ditu, urteroko ohiturari jarraipena emanez eta abesbatza amateurren parte-hartzea sustatuz.

Lehiaketan parte hartu gura duten taldeek urtarrilaren 25era arte dute izena emateko aukera. Horretarako, Kultur Leioako harrerara jo daiteke edo infokultur@leioa.eus helbidera idatzi. Parte-hartzaile guztiek abesbatza amateurrak izan beharko dute, gutxienez 12 kidekoak, eta abesbatza profesionalak lehiaketatik kanpo geratuko dira.

Bi kategoria ezarri dira adinaren arabera. 16 urtera artekoek goizez egingo dituzte emanaldiak; 16 urtetik gorakoek, ostera, arrastiz. Abesbatzek 2 edo 3 abesti interpretatuko dituzte antolakuntzak zehaztutako lau eremuetan: Lamiako, Pinueta-Ibaiondo, Hirigunea eta San Bartolome-Artatzagane.

Epaimahaia musikako profesionalek eta musika koral zein tradizionaleko adituek osatuko dute; besteak beste, interpretazioaren kalitatea, talde-lana, jantziak eta emanaldien girotzea baloratuko dituzte.

Kategoria bakoitzean hiru sari banatuko dira: lehen saria 400 eurokoa izango da, bigarrena 300 eurokoa eta hirugarrena 200 eurokoa, guztiek garaikurra eta diploma jasoko dituztelarik. Horrez gain, parte hartzen duten talde guztiek 60 euroko dieta jasoko dute.

Sari banaketa otsailaren 7an izango da, zapatuan, eguerdiko 12:00etan, Kultur Leioako Erakusketa Aretoan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun