Eusko Jaurlaritzak Lamiakoko eskola ixteko erabakia hartu du

Izaro Garcia 2026ko urtarrilaren 20a

Zentroa 2026-2027 ikasturtetik aurrera itxi gura dute.

CCOO Euskadik gogor salatu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Bizkaiko lurralde ordezkaritzaren bidez, Lamiakoko Eskola (Leioa) ixteko hartutako erabakia.

Zentroa 2026-2027 ikasturtetik aurrera itxiko dute, eta sindikatuaren arabera, erabakiak eragin zuzena izango du bai langileen enpleguan, bai ikasle eta familien egunerokoan.

Sindikatutik adierazi dutenez, neurria "kolpe latza" da hezkuntza-komunitatearentzat, bereziki bertan lanean ari diren hamar bat langilerentzat. Gainera, langileek erabakiaren berri izan dute lekualdatze-lehiaketa amaitu ondoren, eta horrek, CCOOren esanetan, "segurtasun juridiko eta laboral falta larria" sortzen du, irakasleen eskubideak murriztuz.

Ikasleen egoerak ere kezka sortzen du. Gaur egun, 50 ikasle baino gehiago daude Lamiakoko Eskolan, eta haien familiek "denbora oso laburrean" beste ikastetxe bat bilatu beharko dute, informazio argirik gabe eta inprobisazio giroan. Sindikatuak salatu du erabakia matrikulazio kanpaina hasi aurreko aste gutxitan jakinarazi dela, eta ez direla bermatu harrera egingo duten zentroetako baldintzak; besteak beste, garraio eskolarik ez dago jada erreferentziazko ikastetxe publikoan.

CCOOren ustez, Lamiakoko Eskolaren itxiera ez da kasu isolatua, baizik eta eskola publikoari "modu sistematikoan" kalte egiten dion hezkuntza-politika baten parte. Politika horrek ziurgabetasuna, deserrotzea eta prekaritatea sortzen dituela ohartarazi dute, bai langileen artean bai hezkuntza publikoaren kalitatean.

Azkenik, sindikatuak iragarri du babesa eta aholkularitza emango diela kaltetutako langileei, ikasleei eta familiei. Gainera, Bizkaiko Hezkuntza Ordezkaritzari erabakia bertan behera uzteko eskatu dio , "sozialki eta hezkuntzaren ikuspegitik justifikaezina" delako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun