12 eta 30 urte arteko gazteei zuzendutako zerbitzua izango da, laguntza psikologikoa eta arreta pertsonalizatua eskaintzeko xedeagaz. Horrez gainera, Udalak nabarmendu du Aurrekontu Irekietan herritarrek egindako proposamen bati erantzuten diola.
Zerbitzu berriak egunerokoan gero eta ohikoagoak diren egoerei erantzun gura die: ondoeza emozionala, antsietatea edo estresa, harreman-gatazkak, bizi-krisiak edo dolu-prozesuak, baita jokabide arriskutsuen prebentzioa ere. Udalak azaldu duenez, presio akademikoa eta lanekoa, ziurgabetasun pertsonala edota sare sozialen eragina bezalako faktoreek gero eta eragin handiagoa dute gazteen osasun mentalean.
Programa hau martxan jartzeagaz batera, ondoeza garaiz antzematea eta arazo larriagoak prebenitzea gura da, aldi berean osasun mentalari lotutako estigma murriztuz eta laguntza-sare komunitarioak indartuz. Gainera, gazteen benetako beharrei buruzko informazioa biltzeko balioko du, etorkizuneko politika eta ekimenak hobeto egokitzeko.
Arreta psikologo profesional batek eskainiko du. Banakakoa eta konfidentziala izango da, eta emozioen kudeaketa, autoestimua zein harreman osasungarriak lantzea izango ditu ardatz. Zerbitzuak ez du terapia espezializatua ordezkatuko, baizik eta dagoen baliabide-sarea osatu; beharrezkoa denean gazteak beste baliabide espezializatuetara bideratuko dira.
Zerbitzua 2026ko urtarrilaren 27an hasiko da, eta urte osoan zehar egongo da martxan. Arreta presentziala eskainiko da astean behin Leioa Gaztegunean, 16:30etik 18:00etara, baina telefono bidez edo modu telematikoan ere egin ahal izango dira kontsultak.Informazio gehiago gura dutenek 94 405 58 50 telefonora deitu dezakete edo gazte@leioa.eus helbidera idatzi.