Ekimen horien artean lehena "Leioako Pausoen Erronka" da, herritarrei eguneroko ariketa fisikoa egiteko aukera erraz eta egokitua eskaintzea xede duen proiektua.
Erronka urtarrilaren 26tik martxoaren 22ra bitartean egingo da, eta adin guztietako bizilagunei zuzenduta dago. Leioako 500. urteurrena dela eta, parte-hartzaileei 8 astetan 500.000 pauso egitea proposatzen zaie. Helburu hori bete ezin dutenentzat, bigarren aukera bat ere aurreikusi da: astean 50.000 pauso egitea.

Parte hartu ahal izateko, interesdunek "Active City" aplikazioa deskargatu beharko dute, Android eta Apple gailuetarako eskuragarri dagoena. Izena eman ondoren, kontua e-postaz baieztatu beharko da. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, plaza kopurua mugatua da. Aplikazioak urratsen eguneroko jarraipena egiten du automatikoki, eta parte-hartzaileek mugikorra edo haregaz sinkronizatutako smartwatch bat gainean eramatea besterik ez dute beharko; ez da beharrezkoa aplikazioa aktibatzea.
Asteko edo erronka osoko helburua betetzen duten parte-hartzaileek Nordic Walking egiteko makila bat jasoko dute, Leioako Jarduera Fisikoa Bideratzeko Bulegoan eskuragarri egongo dena.
Jarduera fisikoa bideratzeko zerbitzua
Pausoen Erronka Leioako Udalak sustatutako LeioAktiba jarduera fisikoaren orientazio-zerbitzuaren barruan kokatzen da. Zerbitzu horren helburua sedentarismoari aurre egitea eta ohitura osasungarriak sustatzea da, batez ere jarduera fisikorik egiten ez duten pertsonen artean. Horretarako, indarra, oreka eta erresistentzia lantzeko tailer ibiltariak eskaintzen dira.
2025ean, Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzuak 152 erabiltzaile artatu zituen. Horietatik 110 emakumeak izan ziren eta 42 gizonak, batez besteko adina 62 urtekoa izanik. Bideratzeen jatorriari dagokionez, 91 Osakidetzatik etorri ziren, 49 norberaren ekimenez, 8 Osasun Mentalaren bidez eta 4 Gizarte Zerbitzuen bidez. Zerbitzuaren hasieran, erabiltzaileen %42,96 sedentarioak ziren.
Paziente onkologikoak barne
Udalaren kirol- eta osasun-politiken barruan, paziente onkologikoei zuzendutako ariketa fisikoaren programa ere garatzen ari da. Ekimen hori 2025eko azken hiruhilekoan hasi zen, EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikerketa-talde batekin lankidetzan.
Guztira, 32 pertsonak hartu dute parte programan, minbizi mota desberdinak dituztenak. Horietatik 17 tratamendu onkologiko aktiboan daude, eta 15ek amaituta dute tratamendua. Programak, batez beste, hiru hilabeteko iraupena du, astean bitan egiten diren ordubeteko saioen bidez. Saioetan aurretiko kontrol medikoa, beroketa, indar-ariketak eta hozte-lanak egiten dira, paziente bakoitzaren egoerara egokituta.
Egungo taldeek urtarrilaren amaieran amaituko dute egitaraua, eta Leioako Udalak jakinarazi du parte-hartzaile talde berriak prestatzen ari direla datozen hilabeteetarako.