Leioako Udalak “Leioa Hobetzen” programa berria abiatu du, kalteberatasun egoeran edo gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden langabeei lan-aukera errealak eskaintzeko asmoz.
Lanean eta Fondo Formacion Euskadi Fundazioekaz elkarlanean garatuko da ekimena, eta Lanbideren 171.150 euroko diru-laguntza izango du babes ekonomiko gisa .
Proiektua 10 laguneko talde txiki bati zuzenduta dago, eta prestakuntza, lan-orientazioa eta kontratazioa uztartzen dituen ibilbide integral baten bidez enplegagarritasuna hobetzea du xede. Parte-hartzaileek 160 orduko prestakuntza jasoko dute, bi ataletan banatuta: alde batetik, lan aurreko gaitasunak lantzeko 60 orduko ikastaroa; bestetik, lanbide-gaitasunei buruzko 100 orduko prestakuntza, espazio publikoen mantentze-lanetan trebatzeko. Besteak beste, igeltserotza, pintura, arotzeria eta lorezaintza arloetan.
Prestakuntzari 6 hilabeteko lanaldi partzialeko kontratua gehituko zaio, ikasitakoa praktikan jartzeko aukera emanez. Horrez gain, parte-hartzaile bakoitzak jarraipen pertsonalizatua eta bere beharretara egokitutako laneratze-plana izango du, epe luzerako lan-aukerak indartzeko asmoz.
Hautaketa Lanbideren bidez egingo da, eta deialdia dagoeneko zabalik dago, betiere egoera zaurgarrian edo bazterketa-arriskuan dauden pertsonei lehentasuna emanez.